Albisteak

[AHOLKUMARI] Bost minutuan egin daitekeen kosmetikoa

Mari Artanoren hil honetako proposamena:

Azalak ere arnas hartzen du, eta, horretarako, poroak ondo irekita egotea komeni da, oxigenoa sartu eta toxinak kanporatzeko. Arropa estuak eta ehun akrilikoek ez dute laguntzen, ezta petroliotik eratorritako osagaiak dituzten kosmetikoek ere (merkatuko ia denek).

Larruazalak flora propio orekatua behar du osasuntsu egoteko, eta horretarako proposamen batekin nator: esne gazura —edo sueroa— aplikatzea azalean. Kosmetika naturalean ohikoa da, eta oso erremedio eraginkorra azaleko alterazioak tratatzeko, larruazala leun eta eder izateko, eta zahartze arrastoa gutxitzeko. Onddoak kentzen ere laguntzen du.

Etxean egiteko erraz-erraza da: ardi edo behi esnea (litro erdi bat adibidez) jarri berotzen kazolatxo batean. Irakiten hastean, limoi erdi baten zukua erantsi, eta listo! Gaztanbera eta gazura banandu egingo dira momentuan bertan. Surtatik kendu eta iragazi, gaztanbera jateko gordez. Gelditzen dena, gazura alegia, lainoztagailua —pulberizadorea— duen ontzi batean sartuko dugu. Hori izango da gure kosmetikoa.

Edozein gorputz ataletan eman dezakegu, aurpegian adibidez. Azalaren pHa orekatzeko ona da B, C, E eta D bitaminak eta mineral eta proteina indartsuak dituelako.

Erabiltzeko modua: egunean bi aldiz jartzea gomendatzen dut; goizean, azalak xurgatu arte izan, eta gero jantzi, eta gauean berriz jarri, lotara joan aurretik.

Azaleko onddoak tratatu nahi dituenarentzako aholkua: gazurari oreganoaren olio esentziala erantsi (5 tanta), antiseptiko indartsua lortuko dugu eta. Adi, hala ere: olio esentzial hori urratzailea da, eta, beraz, kontu handiz ibili; neurri txikian erabili behar da.

Idatzi nahi badidazu: keralatxokoa@gmail.com

Ilea indartsu luzatzeko noiz moztu: maiatzaren 6an, 18:00etatik 24:00etara.

Noiz depilatu: maiatzaren 7ko goizeko 1:00etatik maiatzaren 8ko goizeko 5:00ak arte. Maiatzak 26ko 00:00etatik maiatzaren 27ko goizeko 4:00ak arte.

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide