Albisteak

[AHOLKUMARI] Udaberriak orburu zaporea du

Alkatxofaren infusioa oso eraginkorra da gorputza desintoxikatu eta udaberrira begira indarrak hartzen laguntzeko. Zergatik udaberrian? Ba sasoi honetan gorputzak bere kabuz garbiketa hasten duelako eta hor gibelak hartzen du protagonismoa, guk bultzadatxo bat eman nahi badiogu komeni da gibelarentzat bereziki onuragarriak diren jaki eta edariak hartzea: orburuaren infusioa da aproposenetako bat. Gozoa izan ez arren, infusioa bere horretan hartzea gomendatzen dut, azukre edo eztirik gabe, zapore garratzak hartzeak ere bere funtzioa duelako osasunean: frustrazioa toleratzen laguntzen du eta beraz behazuna indartzen du.

Orburuak infusioan digestioan laguntzen du, batez ere gibelak digestio aparatuan dituen lanetan, idorrerian, koipeen kudeaketan, kolesterola egonkortzen, tripako distentsioan, bilisaren estimulazioan, haizeak… baina nire ustez interesgarriena orburuaren infusioak gibelarentzat duen ahalmen erregeneratiboa da. Azken batean, gibela zaintzeak gorputz osoaren osasunari egiten dio mesede.

Emozionalki haserreak, amorrua eta integrazio gaitasuna kudeatzen laguntzen du.

Infusioa nola egin: Orburuaren hostoak erabiliko ditugu, poltsatan propio saltzen dira, lehorrak eta txikituta. Koilarakada bat belar jartzen da infusio katilu bakoitzerako. Ura irakiten hasten denean belarra bota, surtatik kendu eta 3 minutuz tapatu, ondoren iragazi eta listo. Beroa hartzea komeni da.

Egunean bi infusio hartzea gomendatzen dut, bat goizean baraurik eta bestea afal ondoren, gorputzari ematen diogun lehenengo eta azkeneko informazioa izan dadin.

EGUTEGI BIODINAMIKOA:

– Ilea indartsu hazteko: Hilaren 10eko 21:00tatik 13ko 02:00etara.

 – Ilea azkar luzatzeko: Hilaren 13ko 03:00etatik 14ko 08:00ak arte.

– Depilatzeko egun aproposak: Martxoaren 5eko 04:00etatik hilaren 6ko 08:00etara.

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide