Albisteak
Aiora Urbietaren Amalda Biobotanika proiektua eta Arroabeko Txara janari denda saritu ditu Urkomek
— 2021-12-11Arroabeko Txara janari dendak eta Aiora Urbietaren Amalda Biobotanika proiektuak saria jaso zuten atzo, ostirala, Azpeitian egindako Urkome Sarien banaketan.
Atzo, ostirala, banatu ziren 7. Urkome sariak Azpeitiko azoka plazan. Sarien helburu nagusia Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak eta ekintzailetasuna saritzea eta landa eremuko proiektuak ezagutarazi eta bultzatzea da. Guztira 10 proiektu aurkeztu ziren eta horietatik seik jaso zuten 1.000 euroko saria. Ekoizleak erdigunean, Iragana ahaztu gabe aurrera jarrai, Amalda Biobotanika proiektua, Txara janari denda, Labesu artisau okindegiko proiektua, Ametsola ustiategia, Enkarguk, Itsas kontainer gourmet onddoan ekoizteko prototipoa, Ikaseliku eta Shitake onddoa basotik, izan ziren aurkeztutako proiektuak.
“Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu” sailean Txara janari dendak. “Txara Arroabeko plazan kokatzen den janari denda da. Auzotarrek faltan botatzen genuen zerbitzua eskatzeaz gain, Txara denon topagune izateko, auzo biziberritzen laguntzeko eta inguruko produktuak sustatzeko asmoarekin sortu da. Arroan bizitzeko apustua egin dugun bi emakumeri lanpostua eman digu, eta auzotarrei kalitatezko eta bertako elikagaiak auzoan bertan eskuratzeko aukera” azaldu dute Txarako kideek..
Landa eremuko emakume ekintzailearen saria, berriz, Aiora Urbietak eskuratu zuen Amalda Biobotanika proiektuarekin. “Gure, bertakoa eta ekologikoa den sendabelar eta landare aromatikoen kalitate goreneko ekoizpena izango da. Arlo honetan EAEn dagoen hutsune hori ase nahian sortu dugu AMALDA. Horretaz gain, gure ondare naturala eta jakintza kulturala babestuko ditugu, bisita gidatuak, nahiz ikastaroak eginez” adierazi du Urbietak.
Egin zaitez bazkide