Aizarnako Amabirjin jaiak (2017)

Aizarnako Amabirjin jaiei urtero egiten diet gainbegiratu bat  eta aurtengoak ere ez dute  gutxiago merezi. Beraz, jarraitu egingo dut ohiturarekin, lerro batzuk idatzi, jasotako argazkiak argitaratu eta bideo txiki batzuen laguntzarekin herriko jaietan egon den giroaz  jabetzeko.

Lau eguneko jaiak zeuden aurreikusita. Egitarauak garbi azaltzen zuen hori eta herri txiki batean lau eguneko jaiak antolatzea, esaerak dioen bezala, “ez da ahuntzaren gau erdiko eztula”.

Hasiera batean bazirudien jaiak arriskuan zeudela, antolatzeko bilerara jenderik hurbildu ez zelako. Baina, dena gainditu ondoren, jai dotoreak antolatu direla esan beharra dago. Lau eguneko jaiak antolatzeko lan ugari egin beharra dago, beraz  eskertu  egin behar horretan  parte hartu duten guztiak, berauekin   gozatzeko aukera izan dugunon partez behintzat.

Larunbat eguerdian eman genion  hasiera jaiei. Jon Arruek  “etxafuegoa” jaurti eta berehala ziren “paelak” su gainean, antolatuta zegoen paella lehiaketarako. Aurtengo irabazleak ere Eneritz Lizarralde eta Ainhoa Sarasola izan ziren. Bi urtez jarraian irabazi dute lehiaketa, sukaldaritzan trebeak diren seinale.

Lehiaketa amaitzerako sartu ziren herriko kaskoan  oilasko biltzaileak eta aurresku eta dantza saio polita eskaini ondoren, laster ziren mahaian lehiaketan egindako paellarekin sabela betetzen. Ondo merezitako bazkaria. Oilasko biltzearen inguruan, aipatu gabe ezin utzi Aizarnan bizi den Xabier Arraraz gazte Nafarra. Aurten ikusi dugu lehen aldiz taldearekin eta  honek sasoia bakarrik ez,  dantzan ere ondo dakiela erakutsi zuen. Bejondeiola!  

Urtero errepikatzen den oilasko biltze eguna  aurten  jaien hasieran ospatu da, nahiz eta ohitura hau  hirugarren egunekoa  izan. Garaiak aldatu egiten dira eta berarekin  ohiturak ere bai. Gazteak jaietan  gaupasak egin  ondoren honelako ekintza astunak  egiteko ez dute gogorik nonbait.

Igandean haurrek bere  eguna zuten. Hauek bai gozatzen dutela jaietan! Beti jolaserako prest eta ekintzetan parte hartzeko zer esanik ez. Ikuskizun politak egon ziren: pailazoak, jokoak eta jolas ugari berauentzako prestatuta. Umeak plaza beraientzako izaten dute egun honetan eta egia esan hauek bai ematen dietela alaitasuna herriari.

Astelehenean helduen eguna ospatu zen, egitarauan iragarrita zegoen bezala.  Egun honetan  adineko jendea ikusten zen  kalean mozorro edo jantzi bereziekin kalejiran.  Gaztetan egiten zituzten jolasak ere berpiztu zituzten eta berauekin jolastu ere bai. Azpimarratzekoa “perrillakin” eman zuten ikuskizuna: adineko jendea, baina gazte garaian bezala gozatu zuten.

Pilotak ere izan zuen bere lekua,  Azpeitia eta Zestoako  pilotari gazteak elkarren arteko hiru pilota partidu jokatu zituzten. Gazte hauek benetan jokatzen dute pilotan, bakoitzak indar guztiak ipintzen baititu horretan. Herriarteko lehiaketan jokatu zuen  Aimar Egiguren ikusteko  bazegoen irrika auzoan eta nire ikuspegitik pilotaria izateko oinarriak badituela esango nuke.

Azpimarratzekoa, era berean, herri afarian zegoen giroa: denak “hippy” edo hauen ezaugarriren bat zuten soinean. 60ko hamarkadan zegoela zirudien Aizarnako plazak, nik oraindik ez nuen ezagutu itxura horretan.

Igande goizean   meza nagusia herriko koruak alaituta eta arratsaldean herri kirolak. Bertan herriko bi kirolarik hartu zuten parte, Otaegik harri jasotzen eta  Txapartegik aizkoran, Mujika eta Izetarekin batera. Herri kirol zaleek lehia dotorea ikusi zuten. Hurbildu zirenak  gustura irteten ikusi nituen Aizarnako pilotalekutik.

Dantzariak ere nahiko aukera izan zuten  ilunabarretan,  nahiz eta gaur egun dantzari gutxi ikusi herriko plazetan eta Aizarna ere tartean sartu behar. Musikak entzuteko ere balio duenez, plaza bueltan begirale  gehiago ikusten da leku  askotan eta Aizarnan ere  gauza bera gertatzen da.

Amaitzeko, auzora hurbildu zen jende  kopuruari egingo diogu begirada bat eta  esan behar ekintza gehienetan  jende multzo egokia ikusi zela. Ikusle gutxiegik ere desitxuratu egiten dituzte  ekintzak,  baina kopuru handiegi dabilen tokian ere kexa ugari ari gara ikusten eta konformatu egin behar.

Lerro hauekin eta  argitaratzen ditudan argazki eta  bideoekin, ea ondo erakusten dudan  Aizarnako 2017 urteko  Amabirjinetan egon den  giroa.

Jon Egiguren

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide