Aizarnako erara jantzitako hiru sorginak

 

Espainiako Errege-erregina Katolikoek  Inkisizioaren legedia  ezarri eta baliogabetu zuten arte, Euskal Herriko  sorginkeria  etsaiarekin lotuta ikusi dugu sarritan. Hauen ekintzak  kristauen  moralitatearen aurka zihoazela leporatu izan zaie. Bada ordea, teoria bat,   emakumeei  erditzen laguntzen ibiltzen zirela  eta senda belarrak ondo ezagutzen zituztenez  jendea sendatzen  adituak zirela esaten duena ere. Nik teoria hau gehiago sinesten dut.

Beste  teoria batek dioenez,  medikuntza ofiziala beste bide batetik zetorrela  eta belarrekin sendatzen ibiltzen ziren sorgin hauek oztopo  zirela  medikuntza  ofizialarentzat esaten duena. Batek daki egia zein den.

Arrazoia bata  edo bestea izan,  erlijioa arduratu zen gehien bat emakume  hauek  gizartetik  baztertzeaz, etsaiarekin lotura zuzena zutela  leporatuta. Baztertzeko erabili   zuen metodoa, oso bortitza izan zen. Denok dakigu sorginkeria leporatu eta  emakume asko erre egin zituztela  sutan. Euskal Herrikoek ere jasan zuten eraso hau, 11 erre baitzituzten Logroñon.

Pio Barojari irakurritakoa da, begizkoa zuten  sorginak bereizteko Euskal Herrian  erabili omen zen ondorengo metodoa: herri bakoitzean etxez-etxe ibiltzen omen ziren apaiza, herriko medikua eta  udaletxeko zerbitzari bat,  begizkoa zutenak  bereizten. Nik esango nuke begiko orbanak aurkitzea aitzakia  izango zela, aurretik ere ondo seinalatutako emakumeak izango zirela  seguruenik. Gogorra benetan.

Euskal Herriko mitologiaz, gehi sorginkeriaz, asko idatzi zuen Barandiaranek eta pasarte ugari  jaso ere bai  bere idatzietan.  Hauetako bat, Iruretagoienak 1921ean kontatu zuena da.  Badirudi Iruretagoiena   Aizarnatik Zarauzko etxera  zihoala  eta Txiriboga inguruan hiru emakume  ikusi zituela arropa  bereziekin jantzita. Gerturatzen hasi, txirrist egin eta lurrera,  bat-batean  hiru emakume hauek desagertu  egin omen ziren begi bistatik.

Kontakizun honetan arraroa egiten zait,  jantzita zeramaten   arroparekiko  egiten duen deskribapena:  gerruntze bat (“corpiño”)  eta  gona luzeak,   barrenean uztai zabal batekin apainduta. Aizarnan  janzten zen bezala jantzita zeudela esaten du. 

Barandiaranek kontakizun hauek entzun eta  Zarautz aldera jo zuen,   baserritarrei galdezka ibili ere bai, zerbait gehiago jakiteko asmoarekin. Baserritar  hauen esanetan, badirudi gertaera hauek, ohikoak zirela bailaran. 

Inkisizio garaiko pertsekuziorik gabe, hiru sorgin hauek, hiritik kanpo bizi omen ziren txabola batean eta izen hauekin  ezagutzen omen ziren:  Nerea, Errotzale eta Aintza. Haurren gaixoak  sendatu,  uzta  gaitzetik salbatu, begizkoa kendu  eta antzeko eskaerekin hurbiltzen omen ziren biztanleak berauengana, beti ere arazoen mailako opariekin (oiloa, arkumea, txerria …).  

Ostegunetan irteten omen zuten txabolatik, jantzi luze bereziekin.  Hauekin jantzita   ikusiko zituen nonbait  Iruretagoienak  hiru sorgin hauek,  eta honen esanetan  Aizarnan  janzten omen ziren horrela.

XXgarren gizaldiko hasieran zendu omen ziren hiru sorgin hauek, jaiotza agiririk ez  eta hilerriko hezurtokira bota omen zituzten  berauen gorputzak. Sorginak bezala ezagutzen zirenez elizkizunik ere ez zieten egingo seguruenik  eta hilerrian lurperatu ere ez jakina. 

Zarautz inguruan bizi, Txiriboga aldean  ikusi eta Aizarnako erara jantzita ibiltzen ziren, kontakizuna irakurri eta zalantzak ditut hiru sorgin hauen jatorriaz. Dena den Aizarnako erara janzten baziren posible izango da Aizarnakoak izatea ere. 

Baita ere zalantzak ditut  kontakizun hau, Euskal Herriko mitologia barrenean sartu   edo benetako sorginen jardueran,  bietako jarduerak ikusten baititut.  Zalantzak ditudanez ez naiz ausartzen iritzirik ematen  eta bakoitzak erabaki dezala non kokatu.

 

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide