Aizarnako irudi erlijiosoak

Aizarnako irudi erlijiosoak

 

Aste Santuan,  ohitura handia dut elizak bisitatu eta prozesioak ikusteko. Prozesioko  irudiei begira eta Aizarnakoak gogoratuz, bat-batean  jakin-min bat  sortu zitzaidan: zenbat diren Aizarnan eta  nor irudikatzen duten  jakitea.  Irudi hauek direla eta, elizkizun askotan egiten dit ihes begiradak berauengana, mezak dituen erritu edo ekintzetan  murgildu beharrean.

Erlijioak  dituen  Santu edo Santak  dira berauek, batzuk martiriak, besteak bizitza eredugarri baten ondoren Santu egin direnak mirarien bitartez . Berauei begiratzeko ohitura handia dudanez,   berehala  hasten naiz santu bakoitzaren bizitza  aztertzen, eskolan eta dotrinan ikasitako  jakinduri xumearekin, jakina. Helburua lortu nahian, eliza eta ermitetako irudiei  egin diet begiratu bat; aldi berean  saiatu naiz  irudikatzen dutena argitzen, eta ondoren    lortu ditudan emaitzak argitaratzea izango dut helburua  lerro hauetan.  

Hasteko,  eliza nagusiari egingo diot begirada bat. Juan de Apeztegiak egindako erretaula zoragarri honetan, lau irudi ikusten dira. Erdian,  elizari eskainita  dagoen Amabirjina Zeruratzearena, eskuinean San Joakin bere aita, eta ezkerrean bere senar San Jose, haurra  besoetan duela. Goiko aldean, Jesus gurutzatuta  irudikatzen duen gurutze  bat, margo handi  baten erdian.

Esan behar, San Joakinen irudia  gehienetan usoak eskuan dituela ikusten dela, baina  hemen liburu bat eskuan duela irudikatzen dute eta ez da bakarra izango seguruenik.

Nik ez dut gaitasunik  San Joakin dela egiaztatzeko, baina argudio bat daukat  horretarako,  Martin de Allanegui Tolosarrari  bi irudi enkargatu zizkioten  1710. urtean  erretaula honetarako,  eta  bat San Jose  haurrarekin zen, eta bestea San Joakin.

Eskuin aldeko  erretaula  Loiolako Ignaziori  eskainita dago,  bere irudia gailentzen dela erdian.   San Antonio Abad, animalien zaindaria eskuinean eta  ezkerrean San Antonio de Padua, senar edo emazteak aurkitzen laguntzen duen Santua. Goiko aldean  beste irudi bat eta Sebastian Martiriarena da berau. 

Ezker aldekoa,  Arrosarioko Amabirjinari  eskainita dago. Hemen ere  bere irudia gailentzen da erdian. Akatsik ezean ezkerrekoa  Santa Teresa de Jesus dela esango nuke eta eskuinean Santo Domingo de Guzman.  Goian  Santa Ana,  Amabirjinaren  heziketa   garaian.

Atzean ere badugu erretaula  txiki bat,  erdian  margolan batekin  pasioa irudikatuz,  ezkerrean Santa Ana, Amabirjina eta Jesus  besoetan dituela. Eskuineko irudiarekin zalantzak nituen, baina jakin berria dut,  Santa Katalina de Alejandria irudikatzen duela. Goian aldiz,  Santa Agedaren irudia ikus daiteke.

Duque de Granada y Egaren kapila ertzean, Jesusen bihotzaren irudi polit bat ikusten da. Atzeko  sarreran eta  bi ate handien artean,  Amabirjinaren irudi bat, bere haurra besoetan duela. Hau harriarekin egina dago. 

Egun, jasota izango dira seguruenik, desitxuratu eta puskatuta egon ezean,  bat Ama doloretakoa, eta bestea San Frantzisko Asis. Prozesioko argazki zaharretan  bi hauek  ikusten dira kaleetan zehar. 

Eliza nagusitik,  kaskoan daukagun ermitara joango gara; eraikuntza sendoa da  ermita izateko. Gurutze doneari  eskainita dago berau. Erretaulan  Jesus gurutzatuta, bi metro baditu gutxienez eta egurrarekin egina dago.  Ezker aldean,  Santa bat idulki baten gainean, baina  zaila egiten da   deskribatzea, besoak puskatuta baititu.

Gurutze donearen ermita utzi eta   Santa Engrazia  ermitari egingo diogu bisita. Honen   Erretaula,  harrizko mosaiko batek osatzen du, Jesusen aurpegia  irudikatuz. Ezker aldean ermita  eskaintzen zaion Engrazia Donea  eta eskuin aldean  Ageda Martiria.

Ezkerreko horman  kokatzen direnak,  Santiago Apostolua  eta jesuita jantziarekin dagoena Loiolako Ignazio Donea.  Atzeko horman eta aldarera begira,  ebanjeliogile eta apostolu  zen Mateo Donea.  Bost irudi ikusten dira bertan, eta  bada zerbait  ermita zahar bezain bitxi honetarako.

Ermita honetatik hurbil, “Santutxu” deitzen dioguna daukagu; erretaularen  erdian, Karmengo Amaren   irudi bat.  Ezkerrean  Jesusen bihotza eta eskuinean Santa Teresa de Jesus. Irudi hauek  txikiak dira, ermitako erretaula bezala.

Salto bat  egin eta San Pelaio ermitara joango gara,  izenak esaten duen bezala  berari eskainita dago ermita.  Erretaula kokatzen den  horma,  orban koloretsuekin  margotuta dago eta   erdian Pelaio Martiriaren  irudia.  Beste irudirik ez dut ikusten  ermita honetan.

Aizarnatik Zestoara  doan galtzada zaharrean ere badugu  gurutze-leku bat,  erdian hareharrizko gurutze handi bat,  pasioaren ikur guztiak  zizelkatuta dituela.   Aizarnan  hareharria dagoen lekurik ez dut ezagutzen, beraz hau itsasaldetik ekarritakoa  izango da seguruenik.

Zenbatu ditut, eta  30 irudi badira gutxienez  eta egoki zainduta gainera.  Ez da gutxi herri txiki honetarako. Irudi bakoitzak  zein Santa edo Santu irudikatzen duen  argitzeak  lan pixka bat eman dit, beraz espero dut  irakurlearen kalifikazioa gainditu bat edo nahiko bat izatea!

Amaitzeko esan behar lan hau bakarrik  egin dudala  eta baliteke akatsen bat izatea, baina espero dut  gai honetan aditua den batekin  denak  egiaztatzea.  Herri txiki honek  hainbeste irudi baditu  eta  konparaketa bat egiten badugu, esan  genezake,  artisau-lan bikainen garaiak   izan dituela   Euskal Herriak.

Jon Egiguren

 

                                                                                                                                                       

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide