Albisteak

Alex Olaizola: “Nire asmoa Sim Racing-a ezagutaraztea da eta horretarako bide bakarra simulagailua plazara atera, pankarta bat jarri eta erabili esatea da”

Sim Racing zalea da Alex. Auto lasterketa simulatu birtualak egiten ditu etxetik. “Hasi nintzenean instalazio merkea egin nuen, gaztea nintzen, dirua justu neukan eta ez nekien orain dakidana”. Denborarekin materiala hobetu du eta bere azkenetako aldaketa pedalak berak eraikitzea izan da. “Zortzi lasterketetan parte hartzeko izena eman dut eta laster hasiko gara entrenamenduekin”.

Nola sortu zitzaizun lasterketetan ibiltzeko zaletasuna?

Lehenengo aldiz 2011n ibili nintzen. Istorio ederra da. Mikel Telleriak deitu zidan 2011n esanez Donostiako Eureka! Zientzia Museoan simulagailua zegoela. Biok 1 Formulako zaleak gara eta berak esanda joan ginen hara. Lehenengo aldia zen ibiltzen ginela eta tronpoa alde batetik, tronpoa bestetik ibili ginen. Garai horretan kristoren aparatua zen, nik orain barre egiten diot nirea hobeagoa delako baina… Hitz egiten hari gara zenbat aldatu den teknologia jarri zutenetik. Garai horretan oso ona zen.

Zein diferentzia dago zuk erabiltzen duzun materialaren eta edozein pertsonak etxean bideokontsolarekin eta urrutiko agintearekin egin dezakeenaren artean?

Nik, esan liteke, material profesionala dudala. Motor zuzena daukat, hau da, birtualki bolanteak transmititzen dizkit auto horrek errealitatean sortuko lituzkeen sentsazioak. Horretan erabiltzen dudan jokoa, Rfactor 2, dagoen onena da. Talde profesional askok erabiltzen duten jokoa da. Denborarekin talde horiek erabiltzen zuten materiala guri iritsi zaigu.

Zer ordenagailu erabiltzen duzu?

Nik neuk egin dut, erosi ere egin izan dut, baina azkena neuk egin dut. Dorrea alde batetik, plaka… dakien jendeari galdetu eta, kotxearekin egiten den bezala, esaten zidaten, “hau jarri, ona da eta prezio onean dago orain”, eta horrela. Ez da zaila izan, orain ez zait zaila iruditzen [kar, kar, kar], baina orduan…

Eta zer erabiltzen duzu hamazazpi hazpeteko pantaila normal bat?

Ez, ez, 32ko hiru pantaila kurbatu. Aurreko batean jakin nuen modelo hori kendu egin dutela, zerbait hobeagoa aterako zuten. Kurbatuak dira inbertsio sentsazioa hobeagoa delako, niri hori gustatzen zait. Eserlekuan zaudenean, buelta guztian pantailak dituzu, ez duzu etxeko hormarik ikusten.

Interneteko zein konexio behar da jokoan ondo ibiltzeko eta arazorik ez izateko?

Gaur egun eskaintzen diren zuntz konexioekin erraz ibil zaitezke. ADSL-arekin ez, oroitzen naiz lehen nola ibiltzen ginen, bere garaian, lagunekin shooter jokoetan ibiltzen ginenean jokoan hasi eta konturatzen ginenerako hilda geunden. Orain 50 MB simetrikorekin ez duzu arazorik. Egia esan nik jaitsierako 500 MB ditut eta 40 edo 45 MB igoera.

Astean zehar entrenamenduak egiten dituzu?

Uztailaren 21ean, denboraldi berrirako izen-ematea irekiko da, baina orain ez dugu entrenatzen dena emanda. Imajinatu behar dugu komunitate oso bat dagoela eta batek denbora ona egiten badu bestea berotzen da eta denbora hobetzen saiatzen da. Pentsatu behar dugu oso maila altua dagoela eta jendeak ez diela besteei informazioa eman nahi izaten. Batzuek beraien zerbitzariak dituzte entrenatzeko, berez ezin bada hori egin ere, eta gero ofizialera etortzen dira probatzera. Adibidez, aurreko batean entrenatzen ari nintzen eta denbora ona egin behar nuen itzuli batean eta azken bihurgunean frenatu egin nuen. Beste taldeei ez genien erakutsi nahi kotxe hori ondo zebilela.

Zein kategoriatako autoetan ibiltzen zara normalean lasterketetan?

Azken urteetan GTE mailako autoetan ibili naiz. Horiek gustatzen zaizkit.

Kategoria bateko edo besteko autoa erabili, antzematen da jokoan?

Horixe baietz, guztia antzematen da. Jokoak ehunka kotxe ditu, baina ni ibiltzen naizen lasterketetan hiru auto mota daude, GTE, LMP2 eta DPI. Le Mansen bezala, maila desberdinetako autoak nahastuta ibiltzen gara eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu abiadura edo matxura aldetik. Niri gertatu zait esaterako, kolpe bat izan eta bolantea okertuta eraman behar izatea autoa zuzen joateko.

Noiz ibili zinen azkeneko aldiz lehiaketa batean eta zer moduz joan zen?

Azkena egin genuena Le Manseko 24 orduak izan zen. Benetako lasterketa baino astebete lehenago egin genuen eta bigarren bukatu genuen, nahiz eta lau buelta galdu genituen erreklamazio bat tarteko.

Ez zait garbi gelditu, kexa bategatik lau buelta galdu zenituzten?

Bai, bai, benetako lasterketetan bezala da, zerbait egiten duzunean zigorra jartzen dizute. Guri bat-batean lasterketatik kanpo geundela esan ziguten. Ez genuen ulertzen zer gertatu zen. Arduradun bat dago erreklamazioak jasotzeko eta beregana jo genuen. Le Mans gauez ere egiten denez, halako batean zerbitzariak esaten du argiak piztu behar dituzula eta gure kasuan zerbitzariak esaten zuen argiak itzali genituela. Jokoak batzuetan gauza horiek ditu eta akatsak ere izaten ditu. Gure gauza ez zela izan ondorioztatu zuten, baina bitartean lau itzuli galdu genituen. Atzetik aurrera hasi ginen eta lasterketa irabazlearen buelta kopuru berean bukatu genuen, baina ez genuen nahiko denbora izan irabazteko. Lau itzuli horiengatik izan ez balitz…

Beste lasterketa batean parte hartzea aurreikusten duzu edo momentuz ez?

Orain gutxi izena eman dut zortzi lasterketako txapelketa batean parte hartzeko. Izen-emateak 36 euro balio ditu eta nazioarteko txapelketa da. Sim Racing Club izena du, dagoen onena da, eta adibidez, lehenengo mailan 1 Formulako taldeak daude, Jean Alesiren pilotua izandakoarena eta abar. Gu hirugarren mailan gaude. Abuztuaren 20an denboraldiaurreko lasterketa dugu eta 27an lehenengo lasterketa Monzan.

Denboraldi berria hasten duzuenean zein izango da helburua? Mailaz igotzea posible ikusten duzue?

Bigarren mailara igotzea? Nik uste dut baietz. Aurten ibili garen bezala ibilita eta ditudan bi lagunekin igotzeko aukerak baditugu. Esperientzia handiko pilotuak gara eta aukera hori hor dugu. Hirugarren mailaren arazo handiena da oso anarkikoa dela. Zenbat eta gorago egon jendea garbiagoa da, nola gidatu eta nondik joan badaki. Hirugarren mailan asko dakien jendea ere badago, baina batzuekin kontuz ibili behar da.

Lasterketak zuzenean emateko asmoa duzue?

Bai, guztiak. Twitchen “Txinas8” izena duen nire kanalean eta Instagrameko nire kontuan lasterketak noiz diren jartzen joaten naiz.

Lasterketa luzeak dira?

Bai, erresistentziakoak dira. Adibidez Monza sei ordu dira, Spa zortzi, Daitona hamabi ordu…

Txapelketa horietan edonork hartu dezake parte?

Ez, ez, ezin duzu web horretara joan eta izena eman besterik gabe. Baldintza batzuk bete behar dira. Agiri bat atera behar da. Nik egin nuenean, aurrez lau lasterketetan parte hartu behar zenuen, orain uste dut bi direla. Proban parte hartzen ari zaren bitartean epaileak daude, benetako lasterketa batean bezala, eta horiek zaintzen dute abiadura arauak betetzen dituzula gurpilak aldatzera sartzen zarenean edo ez duzula istripurik sortzen… Benetako lasterketa bat bezala da zentzu guztietan, eta ez badituzu arauak betetzen ez dizute txapelketan parte hartzen uzten.

Gustukoen duzun ibilbiderik baduzu?

Le Manseko 24 orduetako zirkuitua eta Nürburgring handia gustatzen zaizkit. Azken honetan, bertan egoteko aukera eduki nuen eta ezin nuen sinetsi zeinen ondo dagoen egina jokoa. Kotxearekin sartu eta zer zetorren banekien.

Mundu birtualetik irtenda egiazko zirkuitua probatu duzu orduan…

Joseba Eizagirre “Jantxi”ri kart bat erosi genion eta kristorena egin genuen. Prestatu genuen eta zirkuitura iritsi ginenean airea gutxi gorabehera sartu genion gurpiletara, baina ez nuen kontuan izan marruskadura. Nola gogoratuko nintzen ba ni horrekin! Bueltak ematen dituzunean, aire hori berotu egiten da eta jendeak hasieran bost buelta edo ematen ditu, lasai, irten eta gurpilen presioa begiratzen du. Beroa dela-eta gurpil bakoitzak presio desberdina izan dezake eta hori ondo jarri behar da airea kenduz. Nik zer egin nuen? Hasieratik egurra eman nion eta gurpilek haritan bukatu zuten bi ordutan. Ez al dek ondo jarri?! Esaten zidaten, baina zer egingo nuen ba! Guk orduan ez genekien. 50 euro zaborretara.

Euskal Herrian Sim Racingerako zaletasun handia dago?

Ez, ez, nik euskal herritarrak ez ditut asko ezagutzen. Twitchen-eta ibiltzen direlako ezagutzen ditut asko. Bat dago, Alex Arana izena du, oso ona da, eta Williams taldean dago, kartingean ere ibili da. Talde profesional batean dago.

Etxekoek zer esaten dute simulagailuan ikusten zaituztenean? Ez dizute kasu handirik egiten edo beraiek ere ibiltzeko gogoz izaten dira?

Anaia ez da sekula izan simulagailuan ibiltzea gustatzen zaion horietakoa eta emaztea gutxiago. Familian batek edo bestek probatu dute, baina ez dut inor izan probatzeko irrikaz. Edonor ez dut etxean sartuko, baina ezagutzen dudan norbaitek interesa agertzen badit, nola ez diot ba erakutsiko! Nire asmoa Sim Racing-a ezagutaraztea da eta horretarako bide bakarra simulagailua plazara atera, pankarta bat jarri eta “erabili!” esatea da. Taldeak plazan elkartu ohi diren egun horietako batean egitea ondo egongo litzateke.

Urko Canseco

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide