Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Zestoako Udal Liburutegian aurkeztu zuen atzo Amancay Gaztañagak Martin Martina trilogiaren hirugarren eta azken liburua, Martin Martina eta Gauekoak. Aurkezpenaren gidaria Aritz Cestona izan zen, eta haren alboan eseri zen idazlea. Lehen unetik nabarmendu zuen etxean bezala sentitzen zela: “Herriko liburutegi zaharrean pasatu nituen orduak ekarri dizkit gogora gaurkoak”, azaldu zuen, aurkezpena bertan egiteak sortzen zion ilusioa azpimarratuz.
Martin Martina trilogia —Urrezko Orraziaren Misterioa, Sorginen Batzarra eta Gauekoak— Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu da. Protagonista intersexuala du, eta identitatea, natura, aniztasuna eta mitologia dira idazleak modu pertsonalean jorratzen dituen ardatzak.
Gaztañagak azaldu zuenez, trilogia idaztea izan da inoiz egin duen “gauza zailena”, baina aldi berean aberasgarriena. Hirugarren liburuak aurrekoetan sortutako unibertsoa zabaltzen du: pertsonaia ezagunak berriz agertzen dira eta beste batzuk gehitu zaizkie. Euskal mitologiako erreferentziak nonahi ageri dira, eta oraingoan Gauekoak aurkeztu ditu, ez gauean bizi direnak baizik eta iluntasunean bizi diren izakien bidez.
Sortze prozesuari helduta, Cestonak egindako galderen harira azaldu zuen liburuak “irakurtzeko errazak” izatea bere helburuetako bat izan dela. Horretarako, zinezaletasunean oinarritzen da: “Zinefilatzat dut nire burua; idazterakoan trantsizio bisualak irudikatzen ditut, eszenen arteko mugimenduak pentsatuz”.
Irudiei dagokienez, bertaratutakoek bereziki nabarmendu zituzten liburuaren ilustrazioak. Alain Martinezek egindako azaleko lanak eta kapitulu arteko marrazkiek arreta handia jaso zuten, horrela ilustratzailearen lana txalotua izan zen solasaldian.
Aurkezpenak tonu hurbila izan zuen eta solasaldia liburutik harago zabaldu zen. Gazteak eta irakurzaletasuna izan ziren gai nagusiak: Gaztañaga “Idazleak ikastetxeetan” programan ari da parte hartzen, eta hango esperientziek hausnarketa aberasgarriak ekarri zituzten mahaira. Hezkuntza sistemak dituen erronkei eta euskararen aberastasuna barneratzeko beharrari buruz jardun zuen idazleak. Antzerkigintzako bere esperientziatik, ozen irakurtzearen garrantzia azpimarratu baita ere.
Amaieran, idazketaren egoera ekonomikoari buruz ere hitz egin zuen. Lehen liburua idazteko beka jaso zuela azaldu zuen, eta hirugarren hau bere kabuz finantzatu behar izan duela: “Idazketak ez du etekinik ematen; kulturak laguntza gehiago behar du, politak bai, baina errealak”.



