Paperekoa
AMETSETAKO HEZKIDETZA – Lierni Arrieta
— 2017-01-28Hemen nago orri zuri baten aurrean iritzi interesgarri bat idatzi nahian. Sentitzen dut, baina zure interesen berri ez dudanez, niri interesgarri iruditzen zaidanari buruz arituko naiz. Bi gai datozkit: Hezkidetza (genero markarik gabe heztea) eta ametsetan jartzen dugun desira (bizitza bizigarri egiten duen indar hori). Horra hor ba gaia: “Nire ametsa: gure haurrak hezkidetzan haztea”.
Aurreko urtean, Urki (nire semea) eta biok larunbat goiz batez hezkidetzako ekitaldi batera joan ginen, pereza ederrarekin joan ere. Nik, agian, nahikotxo nekiela pentsatzen nuen, eta Urkiri berriz, bere lagunak kale egin zion. Sexua (neska/mutila izatea) eta generoa (neska/mutil izate hori nola betetzen dugun) bereizi zizkiguten lehenik. Nola apaintzen garen, nolako gorputz jarrerak ditugun, genero bat edo bestea nola antzezten dugun azaldu zuten. Genero berak, kultura batean edo bestean, ezaugarri desberdinak hartzen ditu. Ez baita berdina gizon euskalduna edo gizon magrebtarra, esate baterako. Aurreko batean, trenean nindoala, Magrebekoa zirudien mutil gazte koadrila elkar agurtzen ikusi nuen, eta haien besarkada eta musuak… Nik ez ditut mutil euskaldunak horrela agurtzen ikusten. Ondoren, etxeko egongela marrazteko eskatu ziguten eta gero azaltzeko. Zeri ematen genion garrantzia, haurren jolasari, ordenagailuari, telebistari, siestari, liburuei? Eta nor non esertzen da? Nork du ahulki erosoena, epelena, lasaiena? Guri, etxean, lagungarri egin zitzaigun ariketa. Nahi baduzue zuek ere proba egin.
Bestalde, eta nire ametsera bueltatuz, nire hezkidetzako ametsetan, printzesaz mozorrotu nahi duen mutiko bat daukagu eta arrosa ikusi ere egin nahi ez duen neska bat. Hori ez da betetzen, baina amets askorekin gauza bera gertatzen zaigu, irudimenaren bidez gure desioei irudiak jartzen dizkiegu, gauza konkretuetan zehazten ditug, eta horri lotzen gatzaizkio. Desioarekin gauza bera gertatzen da, gure sentimendu eta indar horretaz baliatu, eta hori landu ordez, desio dugun objektura lotzen gara. Baina bizitza desiratzen edo amesten dugun objektu edo egoera hori lortzea edo ez lortzea baino dibertigarriagoa da. Eta nik hemen jarraitzen dut gure haurrak diren bezala onartu nahian, beraien desberdintasunean berdin hezteko ametsari helduz, betaurreko moreak ahaztu gabe.
Lierni Arrieta
Egin zaitez bazkide