Amuarrainak Olaldeko presan saltoka
— 2020-12-09Olalden amuarrainak presa igotzeko saltoka ikusten diren bideoa iritsi zaigu orain dela egun batzuk Danbolinera. Aitor Unanuek grabatua da bideoa eta berau hartuta Surya Pazengana jo dugu. Arrantzu mundua oso gustuko du berak eta asko daki amuarrainez.
Jakinekoa da amuarrainak arrautzak jartzera igotzen direla Sastarrain errekan gora. Abenduko egun hauetan eta urtarrila hasera bitartean, izaten omen da garaia. Ibai eta errekak hazita behar dituzte arrainek presak igarotzeko. Olaldekoak badu berez albo batean kanala arrainak aldapan gora igotzeko presan saltoka ibili gabe. Honela azaldu digu Suryak; “presa barrenean, 5 bat metrora edo dago kanala, albo batean, eta handik 10 bat metrora ateratzen dira errekaren goiko aldean. Harrizko loza batzuekin egina dago eta urtetik urtera uraren indarrarekin eta, mugitu eta puskatu egiten da kanala. Askotan ibili izan naiz konpontzen garai hau iristerako baina aspaldian ez naiz joan. Kanaleko pasara itxita izango dute eta horregatik ari dira saltoka. Ikusgarria izaten da benetan”.
Ekainberri pareraino igo daitezke, gorago ezin, presa handia da eta. Inguru horretan jartzen dituzte arrautzak. Babes leku egokia bilatzen dute, harri arteak eta harri txintxor txiki eta xehea dagoen lekua. Buztanarekin lurra mugituz zuloa egiten dute eta arrautzak jarri ondoren harri txintxor horrekin estaltzen dituzten arrautzak urak eraman ez ditzan.
Datu kurioso bat ere eman digu Suryak arrainak noiz jaiotzen diren galdetuta; “Eguneroko uraren tenperatura batzen joan behar dugu kalkuluak ateratzeko, 12+11+12+10… eta batura 400etik pasatzen denean, jaiotzear dauden seinale. Alegia, 12 bat gradutan badago errekako ura, 34 bat egun beharko dituzte gutxi gorabehera jaio artean.
Bukatzeko, aipatu digu, hemendik egun batzuetara Sastarrain errekatara gerturatzen bagara arrautzak jartzen ari diren amuarrainak ikusteko modua ere izango dugula.