Albisteak
Antxieta arkeologia asteari hasiera eman zitzaion atzo
— 2023-11-22Atzo izan zen arkeologia asteko aurreneko hitzaldia. Joseba Rios eta Asier Gomez ikerlariek Euskal Herriko Neanderthalen inguruko azalpenak eman zituzten, baita Zestoako Amalda, Baio, nahiz Amabiturrietako kobetan egindako ikerketetako hainbat datu ere.
Ostegunean izango da bigarren hitzordua. “Zestoako ondare arkeologiko aberatsa: Ikuspegi orokor bat” hitzaldia izango da 19:00etan Alonderon Iñigo Arizagaren eskutik. Antxietako kideen esanetan, “ondare arkeologiko oso aberatsa du gure udalerriak, eta horri Sastarrain aldekoak gehituz gero, dozenaka kobazulo eta aztarnategi daukagu. Paleolito garaikoak dira asko, baina baita Kalkolitiko, Brontze eta Burdin garaiko ugari ere. Batzuk oso ezagunak, beste batzuk oharkabean pasatzen zaizkigunak”. Iñigo Arizagaren hitzaldiak ikuspegi orokorra landuko du Zestoako ondarea gehiago ezagutzera emateko helburuarekin.
Igandean Antxieta Arkeologi Taldearen erakustaldiaren txanda izango da. Goizeko 11:00etatik 15:00ak bitartean udaletxeko arkupetan egongo dira ikusgai Antxietak azken urtetan egindako aurkikuntzetako batzuk.
Egin zaitez bazkide