Albisteak

Antxieta Jakintza Taldeak grabatu multzo bat topatu du Zestoako Astuigaña haitzuloan

Antxieta Jakintza Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako paleolitoko labarretako artea aurkitzera zuzendutako miaketa lanetan, grabatu multzo bat topatu dute Zestoako Astuigaña haitzuloan.

Gipuzkoan badira jadanik 11 haitzulo  paleolitoko artea gordetzen dutenak. Ekain eta Altxerriko multzo klasikoei, aurkikuntza berriak gehitu behar dizkiegu. Aldundiko Kultura Sailak sustaturiko azken urtetako miaketa lanak  ikuspegi berri bat irekitzen digute. Egun Euskal Herria  sinbolismoa eta arte jardueraren hasieraren ebidentzia gehien biltzen duten lurraldeetako bat dela esan dezakegu.

Haitzulo txiki honen eremu estu eta deseroso batean, UPV-EHU-ko Historiaurreren Ikerketarako Taldearen (IT-622-13) lankidetzarekin eginiko aurretiko ebaluazioak zaldi bat eta ahuntz bat identifikatu ditu eta hauez gain beste lerro batzuk etorkizuneko lanak balioztatuko dituztenak.

Grabaturiko marrazkiak dira, horman zuzenean harri batez grabaturikoak, kanpoko lerroa irudikatzen duten marrazkiak dira eta beraien ezaugarri formal eta estilistikoak Paleolitoko aurreratutako garaietan data daitezkeenak, orain dela 13.000-12.000 urte gutxi gora-behera.

Astuigañako paleolitoko artea Madeleine Aldian eginikoa da. Garai hori arte sorkuntzarentzako produktibitate handikoa izan zen eta orduan egindako irudiak errealitatea modu naturalista batean irudikatzeko ahalmena adierazten dute. Momentu horretakoak dira baita ere, Ekain, Altxerri eta Aitzbitarte V-eko irudiak.

Astuigaña Paleolitoko artean ohikoena den ereduaren adierazgarri da. Estiloagatik une berean egindakotzat har daitezkeen irudi gutxi batzuk gordetzen dituzten haitzuloak osatzen dute eredu hori, hain zuzen. Santimamiñe, Ekain, Altamira, El Castillo edo Tito Bustilloko ikusgarritasun eta ezohikotasunaren aurrean, multzo txikiago hauek dira ugarienak. Hauen azterketa ezinbestekoa gertatzen da multzo handiak ulertu ahal izateko, azken hauek une ezberdin askotan gehitutako irudiez osaturik baitaude, zientoka edo milaka urtetan zehar. Irudien denboraz kanpoko balio sinbolikoa ezagutzeko ere baliagarriak dira.

Euskal Herria pasabide naturala eratzen duen lurraldea izan zen Goi Paleolitoan bizi izan ziren taldeentzako (orain dela 43.000 eta 12.000 urteen artean). Pasabide horretan  populazio dentsitate handia  dokumentatu ahal izan da garai horretan eta paleolitoko labarretako artea duen haitzulo multzo handi bat ere.

Egun Euskal Herriak inguruko lurraldeen antzeko errealitate arkeologikoa adierazten du. Astuigañak eta azken garaian Gipuzkoan eta Bizkaian egin diren aurkikuntzak, argitzen dute labarretako artea duten haitzuloak ez direla aldameneko Ipar Euskal Herrian, Asturiasen edo Kantabrian baino askoz ere urriagoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak haitzuloa itxi du eta Eusko Jaurlaritzari eman dio aurkikuntzaren berri. Haitzuloaren babesa aitortu berria zuen Jaurlaritzak bere balio arkeologikoa dela eta Kultura-ondasun gisa, Monumentu Multzo kategoriarekin (102 haitzulo), Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian. Orain babes gorena edukitzera pasako da automatikoki labarretako artearen adierazle delako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide