Albisteak

‘Antzerki Astea’ aurkeztu dute protagonistek

Antzerki Asteari hasiera emateko egun gutxi falta dira, eta ostegunean Zestoako Interpretazio Eskolako kideek prentsa agerraldia egin dute. Kurtso guztian zehar egindako lana herritarren aurrean praktikan jartzeko ordua iritsi zaie. Antzerki Astearen V. edizioa ekainaren 27tik uztailaren 2ra arte izango da. Sarrerak Fati tabernan daude salgai.

Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez “hasieran Antzerki Astea kurtsoan zehar ikasitakoa herritarrei erakusteko modu natural bat bezala sortu zen. Lehen urtean hiru egun egin genituen. Ordutik asko handitu da Anzterki Astea eta bostgarren edizio honetan astebeteko egitarauarekin gatoz”. Lehen egunean, ekainaren 27an, interpretazio eskolako lehen urteko ikasleek autore klasiko ezberdinen obren eszenak antzeztuko dituzte. Eta ondorengo lau egunetan interpretazio eskolako hiru urteak osatuta dituzten aktoreek, Eromen antzerki taldearen baitan,  Sweeney antzezlana egingo dute.

Interpretazio eskolako ikasleak eta Eromen Antzerki Taldea batuta ia 40 laguneko taldea dute gaur egun. Taldeko partaide gehienak aktore izateko ikasketak egiten ari dira Zestoako Interpretazio Eskolan. Gaztañagak herritar guztiak gonbidatu ditu antzerki saioetara: “maitasun osoz egin dugu aurtengo egitaraua, herritar guztiak animatzen ditugu prestatu ditugun antzezlanak ikustera, prestatu ditugun obrek lan asko baitute atzean”.

“Disziplina ezberdinetako emanaldiak egiteko toki duin bat behar du Zestoak”

Gaztañagak adierazi duenez “espazio egoki baten behar oso garrantzitsua dago Zestoan. Ez Antzerki Taldearentzat bakarrik, Kultur Talde guztiek beraien proiektuak lantzeko gune egoki bat behar du herri honek. Zestoa beti izan da oso herri aberatsa kultura mailan, eta gaur egun dugun Kultur Etxeko aretoa ez da egokia antzerkia bezalako ikuskizunak egiteko”. “Disziplina ezberdinetako emanaldiak egiteko toki duin bat behar du Zestoak” adierazi du Gaztañagak, eta “horri irtenbidea emateko herriko industrialdean berrerabili daitekeen hainbat gune” daudela azpimarratu du antzerki taldeko zuzendariak.

Josetxo Mendizabal Zestoako Alkateak ere azaldu du “herrian ditugun instalazioekin horrelako ikuskizun bat aurrera ateratzeko dauden zailtasunak nabariak dira, eta horren inguruan kezkatuta gaudela nabarmendu nahi dut”.

ANTZERKI ASTEAREN EGITARAUA
  • Ekainak 27: Lehen urteko ikasleen antzezpena, autore klasiko ezberdinen obren eszenak antzeztuko dituzte.
  • Ekainak 28, 29, 30 eta Uztaila 1: Zestoako Eromen Antzerki Taldearen eskutik “Sweeney” antzezlana. Stephen Sondheim-en “Sweeney Todd” obran oinarritutako komedia.
  • Uztailak 2: “Bihotz Salataria” antzezlana, Atx Teatroa talde bizkaitarraren eskutik.

antzerki




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide