Albisteak

Antzerki Asteak aurrera darrai

Joan den astelehenean hasi zen Zestoako Antzerki Astearen XI. edizioa. Aurreneko bi egunetan Eromen Produkzioak taldeko kideek sortutako Higa edo nola egin traizio traizioari antzezlana ikusteko aukera izan da. Caravan Parkeko aretoa goraino bete da, eta bertaratu direnek gozatu ederra hartu dute antzerki eskolako ikasleen lanarekin.

Antzerki Asteak ez du deskantsurik, eta gaur arratsaldean, Herria eta Kultura hizketaldia izango da. Arratsaldeko 19:00etan izango da saioa, Caravan Parken, doan. Ostegunean, berriz, antzerki eskolako txikienen txanda izango da.  Ongi etorri festara! obra eskainiko dute Kultur Etxean, eta sarrerak agortuta daude.

Ostiralean, Artedrama konpainiak Hondamendia antzezlana taularatuko du, 20:30ean Caravan Parken. Larunbatean amaituko dute astea, Mar-Mar Teatroaren Tarzan obrarekin. Osteguneko eta ostiralerako sarrera batzuk gelditzen direla ohartarazi dute antolatzaileek.

Argazkiak: Joseba Olagarai




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide