Paperekoa

Argazki kameraren fokoa, argazkilariari begira

Bagenuen 40ko hamarkada inguruan herrian argazkilari alemaniar bat izan zenaren berri, Adam Keilbach edo Adamant alemaniarra. Nolatan garai hartan alemaniar bat Zestoan? Argazkilaria, malabarista… Gizon horrek istorio bitxiren bat eduki behar zuela iruditzen zitzaigun. Nonbaitetik hasi behar eta, adinagatik, Adamant ezagutu beharra zuten herritarrei galdezka hasi ginen. Adamanten emaztearen familiarekin ere jarri gara kontaktuan. Ez dugu argitu nolatan iritsi zen Zestoara, ezta hona iritsi aurretik zer bizimodu izan zuen ere. Baina bere argazki album pertsonala eta aparteko argazki mordoa eskuratu ditugu. Gure herria eta herritarrak paperean “izoztuta” utzi zituen argazkilariaren kamerari buelta eman diogu. Horrela, Adamant eta bere gertukoak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu, berak erabiltzen zuen bidetik, argazkien laguntzaz.

 

 AD_18 AD_19Adam Keilbach eta Dominika Ospital Irigoien.

Adam Keilbach 1891ko ekainaren 20an jaio zen Badenen (Alemania). 20ko hamarkadan iritsi zela Euskal Herrira uste dugu, aurrez Aragoin eta Katalunian ere ibili izan zen. Zuri Beltzean Bizi Izanak liburuan esaten denez, 1944an iritsi zen Zestoara Dominika Ospital emaztearekin (Beskoitz, 1889-04-28). Ordutik estudioa izan zuen Zestoan, Natividad kalean (egungo Portale) eta gero Laranjadi plazan. Dendan bertan hil zen bihotzekoak emanda, 1957ko urtarrilaren 6an, 66 urte zituela. Zestoara iritsi aurretik inguruko herrietan bizi izan zen, batez ere Zarautzen: 1933ko uztailaren 26ko data daraman postal batean “Foto Adamant. Zarautz” ikus daiteke. Ospe handiko argazkilaria zen, 1948ko Joan Erentxunen Apuntes Historicos de la Villa de Santa Cruz de Cestona liburuko argazkiak berak egin zituen. Malabarrak egiten omen zituen, Alemaniako Krone zirkuan ibilia baitzen. Datu hauetatik abiatuta herritarrei galdezka hasi gara.

AdamantMarrazkiaZestoara etorri aurretik inguruko herrietan ibilia zela bagenekien, Zarautzen esaterako. Ernesto Pielhoff garai hartan Alemaniatik Zarautzera joandako enpresari baten semea da, eta umea zela Adamant ezagutu zuela kontatu digu, bere aitaren oso laguna zela. Argitu digu Adamantek argazki estudio bat izan zuela urteetan Zarautzen. Garai hartako Vizconde kalean, Nautiko parean, gutxi gorabehera egun Haizea taberna aurkitzen den lekuan. Dendak Foto Adamant izena zuen, gerora Foto Mora izan zen. Marrazki hau, berriz, 1930an Azpeitian egina da.

Adamantek eta Dominikak, ustez, bi egonaldi egin zituzten Zestoan. Lehenengoan Ugarte gainean bizi izan ziren, 3. pisuan. Baina alde egin zuten Zestoatik eta, bueltatu zirenean, Zelaikoa etxean bizi izan ziren, Jose Mari Artola eta Teresa Arzallus familiarekin. Etxeko gela bat hartu zuen bikoteak. Adamant eta Dominika Artola-Arzallus familiarekin bizi izan ziren hamar bat urtean, etxekoak ziren, gertuko harremana zuten baina bikoteak beraien bizimodua egiten zuen. Etxeko lanak, otorduak … familia bakoitzak bere aldetik egiten zituzten. Adamant hil zenean Dominikak etxean jarraitu zuen eta bertan hil zen hamahiru urte geroago, 1970eko otsailaren 17an.

AD_02 AD_03Zestoara etorri eta denboraldi batez alde egin zuen bikoteak. Tarte horretan, beste zenbait lekuren artean Brea de Aragonen ibili omen ziren, argazki hauek bertan ateratakoak dira.

Adamant gosaldu bezain pronto dendara joaten omen zen. Emazteak etxeko lanak eta errekaduak egiten zituen baina gero bera ere dendara joaten zen. Argazki estudioa zuten, paper-denda moduko bat zen. Argazkiak, gutun-azalak, paperak, postalak… saltzen zituzten.

AD_22Dominika Ospital Irigoien, dendan, lanean.

Kontxita_04 Dominikaren familiakoekin jarri gara kontaktuan, hain zuzen ere, Dominikaren, anaiaren, alabaren, semearekin, Jesus Martin Ospitalekin. Ea nolatan etorri ziren Zestoara edo nola ezagutu ziren galdetuta, erantzun digu pena bat dela bere ama Kontxita hilda egotea, hark ederki erantzungo zigula. Hala ere, bikotearen argazki piloa bidali dizkigu. Tartean, bere ama, Kontxita Ospital, agertzen diren hauek. Adamantek ateratako argazkiak dira, modelo modura aritzen zen Kontxita; han ibitzen omen zen Adamant argazkiak ateratzen, itzalekin eta argiekin probak egiten.

Herritarrei malabarista edo ote zen galdetuta, batzuek ez zeukaten ideiarik baina beste asko ondo gogoratzen dira denda aurrean malabarrak egiten aritzen zela, baita kartekin trikimailuak egiten ere bai. Gehienbat bezeroak erakartzeko ibiltzen omen zen, edo besterik gabe, herritarrekin harremanetan jartzeko.

Nortasun xelebrea eta polita omen zuen. Jatorra eta umila, gizatasuna zuena. Baina jenio bizia ere ateratzen zitzaiola kontatu digute. Behin bezero batek, argazkian ez zela polita agertzen esan omen zion, eta Adamantek, haserre, argazkia puskatu eta dendatik bidali omen zuen. Fisikoz, berriz, txiki-txikia omen zen, beti traje grisarekin ibiltzen zen. Dominika ere txiki-txikia zen, ile zuri-zuria zuen, beti motots batean jasoa eramaten zuen. Oso distiratsua ibiltzen zuen ilea, petroleoarekin igurzten omen zuen.

AD_10 AD_11 AD_12Herritar askok esan digute bikotea lanetik etxera eta etxetik lanera ibiltzen zela; eguna lanean pasatzen zutela. Argazki hauetan ikus daiteke, aisialdirako denbora ere hartzen zutela. Adamanten umorea eta alaitasuna ere agerikoa da.

Esan bezala, lanean hil zen bihotzekoak emanda. Dendan topatu zuten hilda, kontatu digutenez; Luis Zubiak eta Iñaki Makazagak, Makatxak, eraman zuten gorpua dendatik etxera.

Hil baino lehenago, Adamant alde egitekoa zelako-edo, Migel Larrañaga, Baltxola, haren lekua hartzeko asmotan, argazkilaritza ikasten hasi zen. Adamantek erakutsi omen zion zerbait, Donostiara ere joaten zen ikastera. Denda ez zuen Baltxolak hartu, hori hasiera batean etxean aritzen zen, baina esan daiteke Adamanten lanarekin berak jarraitu zuela Zestoan.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide