Albisteak

[ARGAZKIAK] Omenduen zapi banaketa eta harri-jasotzaileen erakustaldia izan dira eguerdian

Eguraldi petrala izaten ari gara asteburu honetan eta gaur eguerdiko zaharrenen oroigarri banaketa ere udaletxe azpian izan da euria tarteko. Aurtengo bi omenduak, Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue, San Juan egoitzan daude eta han izan da Beatriz Zubia zinegotzia oroigarriak ematen ekitaldi aurretik. Ondoren, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egin eta zapia banatu zaizkie Arkupetan. Aurten institutura joango diren gaztetxoek, jaietan dantzaurrea egiteaz gain, hainbat zereginetan hartuko dute parte, besteak beste, gaurko zapi-jartzean, eta beraiek izan dira omenduei zapiak jarri dizkietenak. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaitu dute.

Jarraian, Lur Errekondo, Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Naroa Arruti harri-jasotzaileek ikuskizun polita eskaini dute Mikel Irurek gidatuta. Hau amaitu denean, denek jubilatuen tabernara jo dute bazkaltzera.

Arratsaldeko 18:00etan Zestoako XI. Trikitilari Gazteen Txapelketa izango da plazan, Zestuko Trikitixa kultur elkarteak antolatuta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide