Albisteak

[ARGAZKIAK] Amaiera bikaina izan zuten Narrondoko sankristobalek

Lau egunez festa giro bikainaz gozatu dute Narrondoko auzotarrek sankristobaletan. Egunero askotariko ekintzak izan dira, eta atzokoa, igandekoa, ez zen gutxiagorako izan. Azken egun honetan ere, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek.

Goizeko 11:00etatik aurrera, artisau azokako hainbat postu egon ziren ikusgai, eta, bitartean, taloak jateko aukera ere izan zuten auzotik zebiltzanek. Eguerdian, Jon, Jaione eta beren seme-alabek osatutako taldeak giroa alaitu zuten euskal kanten emanaldiarekin.

Arratsaldean, ohiko herri kirol jaialdiak hartu zuen lekukoa. Eguraldiaren iragarpena ona ez bazen ere, giroa ateri mantendu zen ia erakustaldi osoan zehar. Hainbat aizkolari eta harrijasotzaile izan ziren bertan: Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Alberdi “Txikia IV.a” eta Ugaitz Mugerza aritu ziren aizkoran, trontzan eta korrikan. Harrijasotzen, berriz, Ainize Zumeta, Maddi Gesalaga eta Paulo Ostolaza aritu ziren. Jaialdia Jagoba Trikitilariaren musikak alaitu zuen.

  




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide