Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Pasa den asteazkenean, Amaiur Aristik Zuberoako Maskaraden inguruko hitzaldia eskaini zuen Portale Kulturgunean. Bere hitzaldian, Maskaraden esperientzia manex baten begietatik, hau da, zuberotarra ez den norbaiten ikuspegitik, nola ikusi azaldu zuen. Maskaradak ikustera joanez gero, jarrera egokia izatearen garrantzia azpimarratu zuen, baita espektatiba egokiak izateko aholkuak ere.
Amaiurrek Maskaradak testuinguruan kokatu zituen, nabarmenduz ez direla ikusleentzat antolatutako antzerki tradizionalak, baizik eta beraien komunitatearentzat egiten diren ekitaldiak direla. Kanpotik doazenek jakin behar dute ordutegi orientagarri bat egon arren, antolatzaileen beharren arabera moldakorra dela eta, hortaz, aldaketak gerta daitezkeela.
Hitzaldian, Maskaraden egituran dauden bi talde nagusiak azaldu zituen: gorriak eta beltzak. Gorriak, dantzari trebe eta dotoreak dira. Bestalde, beltzak itxura zabarra eta jarrera bortitzagoa duten pertsonaiak dira, publikoarekin interakzio zuzena izaten dutenak. Horregatik, Amaiurrek azpimarratu zuen mentalitate irekiarekin joatea garrantzitsua dela, aurreiritzirik gabe, esperientzia osoa gozatzeko.
Hurrengo estekan Amaiurrek Maskaradetan ez galtzeko eman zituen gomendioak aurki ditzakezue. Ikusteko, egin klik hemen.