Albisteak

[ARGAZKIAK] “Egañazpi, ezink esan polita ez dela…” liburua aurkeztu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kultur etxean

Joxemari Urbieta “Egañazpi” pandero-joleari buruzko liburua aurkeztu da gaur eguerdian kultur etxean.  Euskal Herriko Trikiti Elkarteak kaleratzen duen 16. zenbakia da eta Gorka Erostarbe izan da  “Egañazpi, ezink esan polita ez dela…” liburuaren idazlea. Kultur Etxeko aretoa goraino bete da.
Aurkezpenaren aurretik herriko nahiz inguruko trikitilariek kalejira egin dute eta trikitia joz sartu dira kultur etxeko aretora.
Han, Mikel Arregi alkateak hartu du aurreneko hitza eta espero gabe behin Egañazpi entzuteko ohorea izan zueneko pasartea kontatu du. Ondoren Itsaso Elizagoien Trikiti Elkarteko kideak hartu du hitza. Liburuaz gain Egañazpiren hainbat piezekin osatutako diskoa ere kaleratu dela gogoratu du eta hainbat kanta inoiz argitaratu gabeak direla ere gaineratu du. Audioen kalitateari baino, audioen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Ondoren, Erostarbe idazleak hartu du hitza. Liburua idazteko Egañazpiren gertuko trikitilariak eskertu ditu liburua osatzeko emandako informazio eta bizipenengatik, baita familiakoak ere etxeko ateak irekitzeagatik. Zestoako Udala ere eskertu edu emandako laguntzagatik.
Aurkezpenean zehar hitz batzuk egin dituzte; Joxe Mari Iriondok irratian aurreneko grabazioak egin zituztenekoak kotatu ditu, Egañazpiren iloba Martinek “musikari oso ona zela, musikarik inoiz ikasi ez bazuen ere” azpimarratu du. Egañazpiren arrebak ere egin ditu hitz batzuk, santainesetan Iraetan oholtzara “Basatxoritxo” jotzera nola igo zuen anaiak gogoratu du.
Jon Artanok egin dio otsaileko zenbakirako elkarrizketa Gorka Erostarberi eta han jasoko ditugu Egañazpiri buruzko nondik norako gehiago.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide