Albisteak

[ARGAZKIAK] Giro bikainean hasi dituzte festak Arroagoian

Hasiera paregabea izan dute Arrogoiako jaiek. Atzo, ostegunez, hasi ziren Santio-santana jaiak, arratsaldeko 20:00etan jaurtitako txupinazoarekin. Igandera bitartean, adin guztientzako aproposa den egitarauaz gozatu ahal izango da auzoan.

Txupinazoaren ondoren, auzotarrak festetako laranja koloreko kamisetak jantzita elkartu ziren herri-afarian, trikitilarien musikak giroa alaitzen zuen bitartean. Gauean, Obaneuke taldearen erromeriaz gain, ohiko dantza bikote lehiaketa egin zen. DJ Patxeren saioarekin borobildu zuten lehen festa eguna.

Santio eguneko ospakizuna

Gaur, ostiralez, Santio eguna ospatzen ari dira auzotarrak, eta egun honetarako prestatu duten egun osoko egitarau oparoaz gozatzeko aukera dute. Goizean, eguraldi iragarpena ez zen oso baikorra, baina azkenean eguraldiak bikain eutsi dio, eta bertaratutakoek ekintzez beteriko goiz ederraz gozatu ahal izan dute. 11:30ak aldera hasi dira patata tortilla eta sagardo lehiaketak, goizeko protagonista nagusiak. Bertaratutakoek tortillak eta sagardoak, baita bestelako pintxoak ere, dastatzeko aukera izan dute. Geroago jakinarazitako emaitzen arabera, tortillarik onenaren saria Ernaitzenak irabazi du, eta bigarren postua Tamararenak. Sagardo onenaren saria, berriz, Larrazabal etxearentzat izan da.

Bitartean, binakako pilota partidak jokatu dituzte frontoian. Lehen partida, 12:00etan hasita, gaztetxoena izan da: Uxue Loiola eta Laia Gastiain nagusitu dira 18-8ko emaitzarekin, Naroa Gastiain eta Peru Aldalur osatutako bikotearen aurka. Bigarren partida, berriz, lehia estua izan da eta espero baino gehiago luzatu da. Azkenean, Aritz Olaizola eta Ekain Azkuek irabazi dute 25-23ko emaitzarekin, Xabat Sasiain eta Oier Alonsoren kontra.

Arratsaldean ere Santio eguneko ospakizunekin jarraituko dute auzoan. Hona hemen arratsaldeko eta igandera arteko egitaraua:

Gaur, ostirala. Santio eguna

18:30. Herri kirolak, Lanberri Naiara trikitilariek alaituta.
Aizkoran, Biurri eta Joxan Etxeberria.
Harri jasotzen, Elene eta Udane Ostolaza.
22:30. Argazki proiekzioa.
23:00. Izer eta Alabier trikitilarien dantzaldia.
2:00. DJ Indate.

Uztailak 26, larunbata. Santa Ana eguna

11:00. Meza nagusia.
Ondoren, hamaiketakoa eta bingoa jubilatuentzat Akulu bertsolariak alaiturik.
17:30. Bakarrizketak, Mirari Martiarena eta Ander Malbadiren eskutik.
19:00. Herritarren arteko kirolak.
23:00. Erromeria Bide Batez Taldearekin.
2:00. DJ Indate.

Uztailak 27, igandea

11:00. Tolareko igoera.
12:00. Altxorraren bila.
14:00. Ume bazkaria.
16:30. Ume jolasak.
17:30. Apar festa.
Jarraian, txokolatada.
23:00. Iruzta taldearekin dantzaldia (tartean otarraren zozketa eta argazki lehiaketako irabazlea).





Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide