Albisteak

[ARGAZKIAK] Haurrak protagonista Arroagoiko festen azken egunean

Atzo, igandez, agur esan zieten Arroagoiko auzotarrek Santio-Santana festei. Azken egunean, haurrei zuzendutako ekintzek osatu zuten egun osoko egitaraua. Goizean, laugarrenez ospatu zuten Gaztetxoen Tolareko Igoera. Ondoren, haurrek altxorraren bila jolasean gozatu zuten, eta segidan, elkarrekin bildu ziren umeentzako bazkarian.

Arratsaldean, euri apur bat egin bazuen ere, haurrek arazorik gabe egin zituzten umeen arteko jolasak. Ondoren, arropa kendu eta bainujantzitan apar festaz gozatzeko aukera izan zuten, eta arratsaldeari amaiera emateko, txokolatada eskaini zuten. Bien bitartean, argazki lehiaketako botoak eman zituzten bertaratuek: hiru paneletan jarritako argazki guztiak ikusi ondoren, bakoitzak bere hiru gustukoenak bozkatu zituen.

Gauean, jaiei amaiera emateko, Iruzta taldearen dantzaldia izan zen. Tartean, Otarraren zozketa egin zuten: 461 zenbakia izan zen irabazlea, eta 617 zenbakia ordezkoa. Era berean, argazki lehiaketako irabazlea ere jakinarazi zuten: Ane Zulaikaren argazkia izan zen txapelduna, Aimar Urteagaren argazki batekin.

Lau eguneko festa giroaren ondoren, Arroagoiko auzotarrek hurrengo urtera arte agurtu zituzten jaiak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide