Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Korrikaren 24. edizioa gaur igaro da Zestoatik. Euskararen aldeko martxak herria zeharkatu du, «euskara gara» lemapean, eta ehunka herritar batu dira ibilbidean zehar, lekukoa eskuz esku eramanez.
Korrika Azpeitiatik iritsi ondoren sartu da Zestoara, eta hainbat eragilek hartu dute parte lekukoa eramanez: auzo elkarteek, guraso taldeek, kultur eragileek, talde politikoek eta herritar ugarik. Herriko kaleetan giro aparta izan da, korrikalariak eta ikusleak elkartuta, txalo eta animo artean.
Adin guztietako herritarrak batu dira ekimenera, ume, gazte eta helduak, bakoitza bere neurrian baina helburu berarekin: euskararen alde urratsak ematen jarraitzea. Lasaon hartu dute lekukoa zestoarrek, eta Gurutzean jendetza handia bildu da Korrikari ongietorria egiteko. Herriguneko zatian korrika egin ondoren, oinez atera dira herritik, egoitzetako ordezkariek lekukoa hartu dutenean, guztientzako erritmoa zainduz, eta handik aurrera Azpeitirako bidea hartu du berriz martxak.
Korrika Kulturalaren baitan egunotan antolatutako ekitaldiek ere giroa berotzen lagundu dute, eta gaur kalean islatu da euskararekiko atxikimendua. Ospakizunak, gainera, arratsaldean jarraituko du: 19:00etan Hamarru elektrotxarangak girotuko ditu herriko kaleak, eta 21:00etan, mokadutxoa eta barrikotea egingo da arkupetan, txartela aldez aurretik erosi dutenentzat.






































