Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Zestoako Musika Bandak mendia ardatz izan zuen kontzertu berezia eskaini zuen atzo, Agiro Mendi Taldearekin elkarlanean. Emanaldian, zuzenean interpretatutako musikarekin batera, mendiari lotutako argazki eta bideo proiekzioak eskaini ziren, ikus-entzunezko esperientzia osoa sortuz. Parrokian interpretatutako musika oso modu egokian entzun zen, eta irudiek lagundutako proposamenak harrera ona izan zuen bertaratuen artean.
Jexux Odriozolak aurkeztu zuen ekitaldia, ohi bezala umoretik eta gertutasunetik. Sarrera beroa egin zion mendi buelta musikatuari, eta bertaratutakoek txalo zaparrada handiz hartu zituzten musikariak. Nabaria izan zen Agiro Mendi Taldearen parte-hartzeak publiko ezberdina erakarri zuela hitzordura.
Hasieratik bertatik, Agiro Mendi Taldeko kideek urteotan bildutako argazkiak proiektatu zituzten. Pantailan mendi paisaia eta tontor ugari agertu ziren, abentura kutsuko piezak entzuten ziren bitartean. Herritar asko ere ikusi ahal izan ziren irudietan, bakarka nahiz taldean, mendian bizitako uneak partekatzen.
Besteak beste, Asier Acedok drone bidez grabatutako bideoak ere eskaini ziren, Santa Engrazia eta Xoxote zerutik ikusita erakusten zituzten ilunabarreko irudi ikusgarriekin. Halaber, herritarrek egindako hainbat espediziotako bideoak ere eman zituzten, eta espedizio horietan parte hartu zutenek eurek aurkeztu zituzten, irudietan agertzen zenari testuingurua emanez.
Amaieran, Beñat Etxabe zuzendariak, mendiarekin lotura zuzena ez zuela aitortu arren, azken egunetan asko entzun den Xiberutikan mendebaldera abestia aurkeztu zuen. 24. Korrikako abestia orkestrarako moldatutako bertsioan interpretatu zuten, eta txalo zaparrada artean amaitu zen emanaldia, publikoa zutik zela musikariei aitortza eginez.
