Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Gaur aurkeztu du Lluisa Etxeberrik bere azken lana, Hitzen aterpea, bere trilogiaren hirugarren eta azken alea. Aurkezpenak literatura baino gehiago eskaini du: poemak, musika eta dantza uztartuz, Kultur Etxeko aretoa sormenaren eta adiskidetasunaren aterpe bilakatu da.
Hasieratik ospakizun bihurtu da ekitaldia. Sartu orduko, aspaldian elkar ikusi gabe zeuden lagunen topaketa giroa nabarmendu da. Besarkadak, muxuak eta berriz elkartzearen emozioa izan dira aurkezpena hasi aurretik lehen protagonistak.
Ekitaldia Nerea Mendizabalek gidatu du. Lluisa Etxeberriren ilobak izebari egindako galderen bidez kokatu du liburua, eta horrela idazleak bere ibilbide literarioaren orainarteko azken pieza aurkeztu du. Etxeberrik aitortu du idazketa prozesua bakarka egin duela: «Niretzat idaztea bidaia bat da, sakona eta hunkigarria». Hala ere, publikazioan ezinbesteko izan direla Jon Elordi itzultzailea eta Maragda Cucuela ilustratzailea azpimarratu du, eta biei eskerrak luzatu dizkie.
Poesia errezitaldiaz gain liburuaren aurkezpena musikatua izan da. Nerea Mendizabal eta Agurtzane Auzmendi kantuan aritu dira; Aitor Furundarena akordeoian, Fermín Etxeberria perkusioan eta Garikoitz Mendizabal txistuan. Ane Mendizabalek dantza egin du, eta bitartean Maragda Cucuelaren ilustrazio-prozesua erakusten zuten bideoak proiektatu dira. Lluisa Etxeberrik berak nabarmendu duenez, «opari handia da lagun eta senide artean aurkezpena egitea», eta entzuleei hauentzako txaloak eskatu dizkie.
Ekitaldiaren amaieran, idazleak espero ez zuen sorpresa bat jaso du, eta emozioz jantzi da berriz aretoa. Nerea Mendizabal eta Agurtzane Auzmendik disko berri bat aurkeztu dute: Barruko ahotsak. Lan honek Etxeberriren trilogiako poemak musikatzen ditu, guztira bederatzi abesti bilduz. Proiektuaren bultzatzaile nagusiak bi abeslariak izan badira ere, grabaketan gaurko aurkezpenean parte hartu duten musikariek ere hartu dute parte.
Diskoa gaurtik aurrera jarri dute salgai nereamendizabal.eus webgunean, USB formatuan, eta Durangoko Azokan ere eskuragai izango dela aurreratu du Nerea Mendizabalek.



























