Albisteak

[ARGAZKIAK] Martxoaren 8a dantzan

Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza! eta Langile publikoak gara, pribatizazioa, zaintzako langileon miseria!  lemapean mobilizazioa izan da gaur arratsaldean herrigunean. Arratsaldeko 18:30ean hamarnaka herritar bildu dira plazan, eta pandero eta trikiti doinuez lagunduta kalejira egin dute herriko kaleetan barrena. Plazara iritsitakoan, Zestoako Pentsiodunen Mugimenduko eta zaintza arloko kideek hartu dute hitza.

Pentsiodunen mugimenduko kideek zaintza eredua “eraldatu” beharra dagoela aldarrikatu dute: “Gaur egungo zaintzak feminizazioa erreproduzitzen du. Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatu behar dugu. Zaintzaren eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Erantzukizun sozial bihur dadin eta ez negozio” adierazi dute.

Bestalde, zaintza arloko kideek zaintza krisiaren ondorioak “geroz eta agerikoagoak” direla nabarmendu dute. “Argi dago zaintza lanak zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta handiagoak direla zaintzak kudeatzeaz arduratzen direnek jartzen dituzten trabak eta oztopoak” esan dute. Egungo krisiari emandako erantzuna “pribatizazioa eta zaintzak negozio bihurtzea” izan direla azaldu dute, eta egoera honi “buelta emateko asmorik” ez dutela. Horri guztiari aurre egiteko “zaintzak demokratizatuko dituen zaintzarako euskal sistema publiko komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialak bilatzea” beharrezkoa dela aldarrikatu dute, eta pribatizatu dituzten zerbitzu publikoetan ardura zuzenak dituzte instituzio publikoei “lan hitzarmen guztiak desblokeatzeko” eskatu diete.

Hitzartzeen ondoren, esku-dantza egin dute elkarretaratzean parte duten hainbat emakumek.

Zaintza esparruko kideen irakurketa osorik hemen.

Zestoako Pentsiodunen Mugimenduko kideek irakurketa:

“Erre ezin izan zituzten emakume heretikoen alabak gara. Gure aurretik borrokatu zutelako eta zirelako gara. Gaur ZAINTZA dugu erdigunean. Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu ZAINTZA sostengatzen dutenak. Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bikoitzekin, zerbitzu publiko eta prekarioak ordezkatuz, denera iritsi ezinik eta bidean gure bizitza inmolatuz. Gaur egungo ZAINTZAK feminizazioa erreproduzitzen du. Egungo Zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatu behar dugu. Zaintzaren eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Erantzukizun sozial bihur dadin eta ez negozio.

Mugimendu eraldatzaileena, Feministak gara eta inoiz baino biziago gaude. Borroka feminista antisistemikoa da, patriarkatuaren aurka delako. Baina ez da gizonen aurka, patriarkatuaren sistemaren aurka baizik. Oro har denoi doakigu, unibertsala da denontzat onuragarria, ez emakumeontzat bakarrik.

Antolaturik egon behar dugu. Munduko edozein txokotan bizirik gaudela jakin behar dugu. Eta elkarrekin ari garela borrokatzen. Norbait borrokan nekatzen bada, beste norbait etorriko da”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide