Albisteak

[ARGAZKIAK] Nerabeen parte hartze prozesua martxan da berriz

Bigarren urtez jarri du martxan Zestoako Udalak nerabeen parte-hartze prozesua. Atzo egin zuten ikasturte honetako lehen bilera, eta proposamenak biltzen hasi ziren.

Zestoako Udalak 2024-2025 ikasturtearekin batera jarri zuen abian 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako parte-hartze prozesua. Aurtengo ikasturteari dagokion lehen saioa egin zuten atzo, eta horrenbestez, berriz ere martxan jarri dute proiektua.

Alonderon elkartu ziren 15 nerabe inguru, eta luntxaren bueltan hasi zuten saioa. Ondoren, aurreko ikasturteko balorazioa egin zuten, egindako ibilbidea eta lortutako helburuak gogoratuz. Behin iraganeko errepasoa eginda, 2025-2026 ikasturteari begira jarri ziren: talde txikitan banatuta, aurtengo ekintzen proposamenak biltzeari ekin zioten, bigarren urtez jarraian parte-hartze prozesuari hasiera emanez.
Ideia ugari jaso bazituzten ere, oraindik ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute nerabeek, gazte erreferenteen edo Leire Otaegi, Gazteria saileko teknikariaren bitartez.

Udalak helburu bera mantenduko du bigarren urte honetan ere, helburua herriko nerabeen “interesak eta beharrak ezagutzea”, gazteen arteko “harremanak sendotzea”, eta “nerabeak herriko bizitzan parte aktibo bihurtzea” izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide