Albisteak

[ARGAZKIAK] Txikitik ezer gutxi dutela erakutsi dute beste behin Arroabean

Denbora gutxian Arroabean egin diren etxebizitza berriak tarteko, auzoa lo herri bilakatzeko kezkaren aurrean antolatutako nolabaiteko ongi etorri eta aurkezpen eguna izango da aurtengo Txikitasunian Haundi. Arroabea bizitzaz eta jardueraz betetako auzoa dela erakusteko egun osoko egitaraua osatu dute.

Goizeko 10etarako deitua zegoen aurreneko hitzordua. Haurreskola eta eskola erakutsi zaizkie bertaratu direnei. Eskolan haur eta irakasleek dantza saioa ere egin dute eta tartean, Agenda 21ekin lotuta, Argiolakoek esku artean duten proiektuaren inguruko azalpenak ere eman dituzte.

Goiza aurrera zihoan neurrian, 11:30ean Elkargunean egiten diren ekintzen berri eman dute eta eskulan eta jostunen taldeak egiten dituen lanen erakusketa izan da ikusgai. Jarraian bertso eskolako bertsoekin osatutako auzoko azken urteotako argazkiekin osatutako bideoaren proiekzioa ere izan da.

Txara kooperatiba dendak ere egin ditu aurkezpen lanak. Bertako ekoizleen produktuak herritarren eskura jartzen ahalegintzen dira Txaran eta horren erakusgarri Sakonberri baserriko babarrunak aletzen egon dira herriko haurrak eta eltzean aurrez prestatutakoak dastatzeko aukera ere izan da beste pintxo batzuekin batera. Bide batez kooperatibaren inguruko azalpenak ere eman dituzte eta baita bazkideek dituzten abantaila eta erraztasunak azaldu ere.

Goizeko txandarekin amaitzeko, Ederki elkartearen eta Txomin eta Sakulupe tabernen aurkezpenak ere egin dira pintxo eta trago artean.

Oraindik ere bada zertan gozatua Txikitasunian Haundi egunaren baitan:
14:30 HERRI BAZKARIA frontoian
17:00 IAGO MAGOA eskola zaharrean
18:00 ZUMAIAKO KARROPOTEOA herriko kaleetan zehar
22:00 TRIKIDANTZ erromeria plazan
00:00 tik aurrera DJ PATX ETA DJ J.CRAF Ederki elkartean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide