Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Zestoako Herri Eskolako eraikin nagusiko handitze lanak amaituta, ikastetxeak ikasturte berria hasi zuen irailaren 10ean, asteazkenean.
Lan hauei esker, eraikinak hiru ikasgela berri eta erabilera anitzeko areto handi bat irabazi ditu. Bigarren pisuan kokatutako ikasgelek liburutegi zaharra askatzea ahalbidetu dute, eta gela hori liburutegi berria bihurtu da. Hirugarren pisuko aretoa, berriz, hiru zatitan bana daiteke horma mugikorren bidez, eta ez da soilik ikastetxeko ikasleen esku egongo: herriko eragileek ere erabiltzeko aukera izango dute. Gainera, lasaitzeko txoko bat sortu dute haurrek emozioak kudeatzeko.
Eskolako zuzendaritzak adierazi du espazio berriek ikasleen hezkuntza kalitatea hobetuko dutela, hezkuntza metodologia berrietara egokitutako azpiegitura direlako.
Kanpoaldeko berrikuntzak
Eraikinaren kanpoaldean ere hainbat aldaketa egin dituzte: patioan belar artifizial berria jarri eta harmailak eraiki dituzte; eraikinaren bizkarreko mendi zatia egonkortu dute; itxituraren gainean babeserako sare berria jarri dute; eta patio handiko portxea berritu, psikomotrizitate gela handituz. Horrez gain, portxe handian sarrera berri bat ireki dute eta, horri esker, aurrerantzean Zestoako Herri Eskolak hiru sarrera izango ditu. Ikasleen sarbideak, gainera, adinaren arabera antolatuko dituzte.
Horrez gain, sarrera berri bat ireki dute portxe handian; horrela, eskolak hiru sarrera izango ditu aurrerantzean. Ikasleen sarbideak adinaren arabera antolatuko dituzte.
Azkenik, dagoeneko erabilgarri dago GI-631 errepidean egokitutako espaloia, eta bertatik zuzenean eta modu seguruan sar daiteke eskolako patiora.












