Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Ekaineko Argiolako bazkide batzarrean aurreratu zuten moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren urteroko dirulaguntza deialdian Zestoa herrigunean instalazio fotovoltaiko berria eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen taldeak eta orain gutxi jakin dute dirulaguntza onartu zaiela.
Lau hilabete inguru dira Argiola Energia Kooperatibak Arroabeko eskolako teilatuan eta Aizarnako frontoian eguzki plaka fotovoltaikoak jarri zituela. Bi instalazioak amaituta eta Iberdrola banatzaileak azken baimenak eman zain daude bertan energia sortzen eta kontsumitzen hasteko. Azken dirulaguntza honi esker, hirugarren intalazio bat egingo dute. Udalak ere hirugarren eraikin publiko baten teilatuaren lagapena egitekokonpromisoa berretsi du.
Instalaziotik 5 kilometrora arteko erradioan
Argiolako kideek beste berrikuntza baten berri ere eman dute. Izan ere, orain artean, instalazio fotovoltaikoetatik 2 km arteko erradioan zeuden erabiltzaileek bakarrik zuten bertan sortutako energia baliatzeko aukera. Orain, legea aldatu da eta 5 kilometrora arteko erradioan daude etxebizitza, denda, elkarte edo enpresek kontsumitu ahal izango dute. Ondorioz, Zestoan “nahi duen orok bertan ekoiztutako energia kontsumitzeko aukera izango duela” jakinarazi dute Argiolako kideek erradio horren baitan hiru instalazioekin Zestoa osoko azalera hartzen baita.
Informatu eta izena emateko aukera zabalik
Lehentasuna bazkideek izango duten arren, printzipioz, hiru instalazioak bete bitartean edozein zestoarrek izango dute Argiola proiektuan parte hartzeko aukera. Argiolako kideen ustez “hori oso garrantzitsua da, bai balizko erabiltzaileentzat eta baita proiektu beraren bideragarritasuna kontuan hartzen badugu ere”.
Parte hartzeko Argiola kooperatibari bazkide ekarpena egin behar zaio. Kopuru hau norberaren kapital gisa jasoa izango da eta inoiz bazkide izateari uzteko erabakia hartuz gero, berreskuragarria. Bazkide bakoitzarenfaktura aztertu ondoren, kontsumitzaile bakoitzak ongi datorkion paketea aukeratu ahal izango du. Pakete aukeraketan konbinazioak ere egin daitezke eta horrela norberari egokitutako instalazio zatia jarriko zaio eskuragarri argindar fakturan aurreztuz: 1kW-ko paketea eskuratzeko 1000 euroko ekarpena egin beharko da eta 0,5 kW-koa eskuratzeko, berriz, 500 eurokoa. Horrez gain, 100 euroko ordainketa egin beharko da 1kWko paketearen kasuan, eta 50 eurokoa erdia hartzekotan, urteko asegurua, mantenua eta kudeaketa gastuentzat.
Irailetik aurrera Argiolak herritarrak informatzeko bide zehatzagoak zabalduko dituen arren, oraingoz informazioa eskatu eta proiektuan parte hartzeko izena eman nahi dutenenetzat argiola@ni.eus helbide elektronikoa eta 690068181 telefono zenbakia jakinarazi dituzte.