Albisteak

Ariketa fisikoa egitera eta paseatzera irten ahal izango da bihartik aurrera

Hogei egun igaro dira Zestoan azken koronabirus kasua erregistratu zenetik eta Zestoako Udalak adierazi du bide onean goazela baina oraindik ezin garela erlaxatu. “Gaitzak oraindik ere gure artean jarraitzen du eta oso garrantzitsua da prebentzio neurri guztiak errespetatzen jarraitzea, hori baita, kutsatze arrisku berriak ekiditeko biderik eraginkorrena” nabarmendu du.

Larunbat honetan hasiko da konfinamenduaren deseskalatze prozesua. Bihartik aurrera 14 urtetik gorako herritarrak ariketa fisikoa egitera eta paseatzera atera ahal izango direla  jakinarazi zuen atzo arratsaldean Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak. 5.000 biztanletik beherako herrietan goizeko 06:00etatik gaueko 23:00etara bitartean egin ahal izango dira jarduera hauek, mugekin.

Paseoa eta kirola egitera egunean behin irten ahal izango dela gogorarazi du Zestoako Udalak. Denbora mugarik ez da ezarri baina jarduera horiek egiteko eremua mugatua izango da: kirola bakarrik egin beharko da eta udalerriaren mugen barruan, paseoa, berriz, etxebizitzatik kilometro bateko eremuan egin ahal izango da, gehienez etxe berean bizi den beste pertsona batekin. Udalak udalerriko mapak argitaratu ditu, jarduera hauek egiteko mugak zein diren azaltzeko asmoz.

70 urtetik gorakoek eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak ere jarduera fisikoa egin ahalko dute. Mendekotasun egoeran daudenak laguntzarekin irtengo dira eta 70 urtetik gorakoek etxe bereko edo baimendutako 14 urtetik 70 urtera arteko pertsona batek lagunduta ere irten ahal izango dute.

14 uretetik beherakoek aurreko astean ezarritako baldintza berdinak izango dituzte etxetik irteteko. Egunean ordubetez irtengo dira, kilometro bateko eremuan eta bizikidetza bereko heldu batek lagunduta. Irteteko ordutegia goizeko 06:00etatik  iluntzeko 23:00ak bitartekoa izango da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide