Albisteak

Arkeologia Aste antolatu du Udalak, Antxieta arkeologia taldearekin elkarlanean

Antxieta Arkeologia Taldeko kideak Amalda III lanean (Argazkia: Antxieta)

Arkeologia Astea antolatu du Zestoako Udalak, Antxieta arkeologia taldearekin elkarlanean. Azaroaren 15etik 20ra bitartean izango da. Bi hitzaldi eta erakusketa bat antolatu dituzte egun horietarako.

Legen hitzordua, hilaren 15ean izango da. Joseba Rios Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko arkeologoak “Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen” hitzaldia eskainiko du arratsaldeko 19:00etan hasita. Riosek indusketa kanpaina oso emankorra zuzendu du Amaldako haitzuloan. Gipuzkoan oso gutxi dira neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta hau da horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan ondo kontserbatutako okupazio-maila dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira. Amaldako aztarnategiko gai interesgarri eta eztabaidatuena zera da: bertan aurkitutako fauna-aztarnen jatorria. Gaiari buruzko argibideak emango ditu Riosek saioan.

Azaroaren 17an, “Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak” hitzaldia eskainiko du Asier Gomez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak. Gomez da proiektuaren zuzendaria, eta zientzialari talde bikain bat bildu du Baioko eta Amabiturrietako aztarnategiak ikertzeko. Antxieta arkeologia taldekoek, 1990ean eta 1998-1999 bitartean, zundaketa bat egin zuten Baion, eta orain ikerketa sakonagoa egitea da helburua.

Astearekin amaitzeko, Antxieta Arkeologoa Taldearen eskutik, Zestoa eta inguruko bailarako historiaurreari buruzko erakusketa izango da ikusgai udaletxe azpian. Azaroaren 20an izango da hitzordua goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00etara bitartean. Antxieta arkeologi taldea aski ezaguna da gure artean, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek 1965ean sortu zutenetik, besteak beste, Ekaingo haitzuloa eta bertako margoak aurkitu zituztelako. Beren lana historiaurreko arrastoen aurkikuntzara bideratzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gure inguruetako haran eta mendietan miaketak eta zundaketak egitea, laginak eta materialak analizatzea eta azterketa orokor bat egitea da, asko laburtuz, beren lana. Lan hori arkeologo adituen zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dute.

Gure inguruan aurkitutako aztarnategi ia gehienak beren etengabeko lanari esker izan dira, eta emaitza, erakusketan ikusiko den bezala, ikaragarrizkoa da. Askotan ez dute esker handirik jasotzen gizartearen partetik baina gure historiaurrearen ikerketa eta babesari sekulako ekarpena egin diote mende erdi honetan zehar.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide