Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Atzoko saioan parte hartu zuten arroarrek, aurreko saioetan egindako lanari jarraipena eman zioten, identifikatutako erronkak plangintza formatura pasatuz. Orain, auzo-elkarteak hartuko du lekukoa. Bertako bileretan hasiko dira prozesu parte-hartzaileetatik ateratako ekintzei tiraka. OinHerritik orain arte gidatutako hiru saioko fasea osatu bada ere, foroa urtean zehar beste hiru alditan biltzea adostu zuten atzo. Horrela, egitasmoaren ikuspegi osoa jaso, lan taldeei jarraipena egiten eta bidean sortzen joan diren beharrei erantzuteko bidelaguntza eskaintzen jarraituko du OinHerrik.
Ezkaizto Auzo Elkarteko bilerak hilabeteko lehen asteazkenetan
Auzotar guztiak daude gonbidatuak, Ezkaizto Auzo Elkarteko bileretara joan eta bertan aurrera ateratzen diren egitasmoetan parte-hartzera. Zehazki, ateak zabalik dituzte oraingo prozesu honetan ere, ekarpenak egin, antolakuntzan parte-hartu edo modu batera edo bestera, bere alea jartzeko. Elkarte honek erdigunean kokatzen du bere burua, auzoko ekintza ezberdinak aterki batean babesten dituelarik, modu honetan, auzoaren dinamizaziorako muskulua izaten darama urteak. Lokalen erabilpenaren kudeaketa, aisialdi eta ikastaroetako eskaintza sortzeaz gain, auzoak dituen beharrei begira dagoen lan taldea da.
Hau guztia dela eta gaur, martxoaren 7an, arratsaldeko 19:30ean izango da auzo elkarteko bilera. Hilabeteko lehenengo asteazkenean egiten dute, beraz ez-ohiko gertaerarik ez bada, hurrengoa, apirilaren 3an, izango da.