Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Atzo arratsaldean ailegatu zen Korrika Arroabera, eta auzotar ugari zein inguruko hainbat lagun batu ziren ekimenera. Goizean Korrika Txikiak girotu zuen auzoa, eta arratsaldean ere ez zen ekitaldirik falta izan.
Korrika iritsi aurretik, Arroa Beheko VIII. ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten. Ondoren, Sakulupe Guraso Elkarteak umeentzako tailerrak eta txokolatea prestatu zituen plazan, arratsaldea giro onean osatzeko. 18:00ak aldera heldu zen lekukoa Arroara. Narrondon hartu zuten lehenik Bakun Itzulpengintzakoek, eta handik Ezkaizto Auzo Elkarteak eraman zuen. Ondoren, Arroako Festa Batzordeak hartu zuen lekukoa auzo sarreran, eta Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak amaitu zuen herritik igarotzen zen zatia. Beste urte batez, emozioa eta ilusioa nabarmenak izan ziren Arroabean, Korrikaren bueltan sortu zen giroan.
Korrika berriz igaroko da Zestoatik datozen egunetan, eta ordura arte Korrika Kulturalak herria girotzen jarraituko du. Gaur arratsaldean, esaterako, Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena egingo dute Arroabean, eta bertso-poteoa izango da Zestoan.




















































