Albisteak

Arroagoiko Herri Elkarteak apaizetxearen inguruko hitzarmenaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu

Pasa den irailaren 13an, Zestoako Udalak eta Arroako parrokiak behin-behineko hirigintza hitzarmena adostu zuten Arrogoiko apaizetxea erabilera erlijiosoa izatetik etxebizitza erabilera izatera pasatzeko.

Erabilera aldaketa honekin batera jolas parkea tokiz aldatu beharko litzateke eta honek kezka sortu zuen Arroagoiko bizilagunen artean. Beraiei ez zaiela informatu zioten eta kezkatuta agertu zuten bizilagunekin kontsultatu gabeko erabakiak hartzen zirela ikusita. Hori horrela izanik, Koldo Intxausti parrokoak eta bere gotzainak behin behineko hitzarmena bertan behera uztea erabaki zuten.

Arroagoiko Herri Elkarteak, egoera aztertzeko bilera egin zuen pasa den hilaren 17an. Bilera hartan,urriaren 9an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Udalaren eta Arroako parrokiaren arteko apaizetxearen inguruko hirigintza hitzarmenari alegazioak aurkeztea erabaki zuten. Batetik, hitzarmena bertan behera gelditzea eskatu dute. Haurrentzako parkea gaur egun dagoen lekuan ezagutu dutela diote gutxienez azken hirurogei urteotan eta parke horrek irisgarritasun sarrera irteera egokiak dituela. Bestalde, Arroagoiko apaiz etxe aurreko jolas parkea Udalak eskuratzea eskatzen dute.

Alegazioak aurkezteko erabakiak hartzeaz gain, Josetxo Mendizabal alkateak gai honen harira prentsan egindako adierazpenak gezurtatu nahi dituzte. Mendizabalek bizilagunen kezken berririk ez zekiela azaldu zuen Urola Kostako Hitzan, “ez dakit nondik irten duen gai honek” esanez. “Alkate jaunari adierazi nahi diogu 2016ko abenduaren 21ean, Zestoako udalean sarrera emandako dokumentuan, gai honen inguruan –jolas parkea desagertze bidean zela- herrian zabalduriko zurrumurruen aurrean, ahalik eta azkarren Arroa Goian bilera egitea eskatzen zitzaiola eta aldi berean, herriko apaizari ere apaiz etxearen ordezkari gisara, bilera horretan parte hartzeko gonbita edo eskaria egingo zitzaiola” azaldu du Arroa Goiko Herri Elkarteak. Elkarteko kideek azaldu dute bigarren aldia dela arroarrei inolako informaziorik eman gabe antzeko “jokaldia” egiten ahalegintzen dena eta ez daudela prest horrelako jokabideak onartzeko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide