Albisteak

[ELKARRIZKETA] Arroako Zumba taldeak masterclass solidarioa antolatu du Aspanogiren alde

Astelehenero goiza energia betean hasten dute Arroako Zumba taldeko kideek. Arroabeko eskola zaharrean elkartzen dira, musika topera jarri eta gorputzari astindu ederra emateko, aste berriari indarrez ekinez.

Talde horretatik bertatik sortu da elkartasun ekimen bat, auzoan minbizia duen haur bati eta haren familiari babesa emateko asmoz. Testuinguru horretan, “Zumba beraien alde” izeneko Zumba masterclass solidarioa antolatu dute, Aspanogi elkartearen alde dirua biltzeko.

Datorren otsailaren 22an Zumaian egingo den jardunaldiaren bidez, dantza eta kirola uztartu nahi dituzte, elkartasun keinu baten bitartez. Ekimenaren atzean dagoen ideia, helburua eta prestatu duten goiz-pasa ezagutzeko, antolatzaileetako batzuekin hitz egin dugu.

Zumba masterclass bat antolatu duzue. Zer da zehazki masterclass bat?

Masterclass bat klase intentsibo eta berezi bat da. Kasu honetan, Zumba saio luzea izango da, mota guztietako erritmoak uztartuko dituena: cha-cha-cha, bachata, salsa, cumbia eta musika modernoagoa. Guztira bi orduko jarduna izango da, lau irakasleren gidaritzapean. Ekitaldia musikatzen DJon zumaiarra izango da.

Maila handiko irakasleak etorriko dira. Nortzuk izango dira parte-hartzaileak?

Lau irakaslek gidatuko dute saioa. Madrildik etorriko dira Darvin eta Tavo, Zumba Fitness® taldeko kideak. Biak Zumbako erreferenteak dira Estatu mailan, eta Espainiako Zumba talde ofizialeko partaideak ere badira. Haiekin batera ariko dira Berto, Bilbotik etorria, eta Johnson, zumaiarra eta Arroako Zumba taldeko ohiko irakaslea.

Ekitaldiak izen argia dauka: “Zumba beraien alde”. Zer da Aspanogi elkartea?

Aspanogi minbizia duten adingabeak, gurasoak eta senideak biltzen dituen elkartea da. Helburua familiei laguntza integrala eskaintzea da: laguntza emozionala, soziala, psikologikoa eta ekonomikoa, egoera oso zailetan bakarrik senti ez daitezen.

Zein da Aspanogi elkartearen laguntzeko modua?

Minbiziari aurre egiten ari den familiako amak, eta aldi berean Zumba taldeko kideak, honela azaldu digu: Aspanogik familiei gizarte-langileen eta psikologoen bidezko laguntza eskaintzen die, baita bestelako laguntza ere, irteerak etab. Haurrek eskolara joaterik ez dutenean, etxera maisu-maistrak bidaltzen dituzte hezkuntza-jarraipena bermatzeko.
Haurrak ospitalean daudenean, gurasoentzako otorduak ere eskaintzen dituzte. Laguntza horiek guztiak ekitaldi solidarioen bidez lortzen diren diru-ekarpenei esker finantzatzen dira.

“Gure haurrari minbizia diagnostikatu ziotenean, ez genuen egoera azaltzeko gaitasunik. Orduan, Aspanogik esku hartu zuen eta eskolan hitzaldi bat eman zuen guraso guztientzat. Minbiziaren inguruko sentsibilizazio-saioa izan zen, kasu zehatzetik harago joanez. Gainera, ikastetxeari material didaktikoa eskaini zioten, haurren adinaren arabera gaia modu egokian lantzeko”.

Horrez gain, eskolak ere bere ekarpena egin zuen: Arroan egiten den azokan, familien laguntzarekin, Aspanogiren aldeko postu bat jarri zuten, eta bertan bildutako dirua elkarteari eman zitzaion.

Familiak babes handia jaso du auzoan, eta amaren esanetan, ez du uste horrelako sostengua herri handiago batean posible izango litzatekeenik. Eskolan ere egoera errespetuz kudeatzen ari dira; haurrak gaixo daudenean eskolara ez eramatea erabaki dute, besteak beste, eta horri esker, gaitza duen haurraren ahizpak ahalik eta bizimodu normalena egiten jarraitu dezake. Familiak adierazi du oso eskertuta dagoela, bai eskolarekin, bai auzotarrekin.

Nork hartu dezake parte ekitaldian?

Jardunaldian 5 urtetik gorako haurrek zein helduek hartu ahal izango dute parte. Maila guztietara egokituta egongo da saioa, eta parte-hartzaile bakoitzak bere erritmoa eta mugak non dauden erabakiko ditu. Dantza egin nahi ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute, ikusle gisa, eta dohaintzak egiteko aukera ere egongo da.

Antolaketa eta babesleen laguntza

Antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldiaren gastu bakarrak irakasleen kostuak izango direla, gainerako behar guztiak babesleen laguntzari esker estali ahal izan dituztelako. Horregatik, oso eskertuta agertu dira Txomin taberna, Zumaiako Eroski, Vicente Royo e Hijos, A3 Diseinua eta Inprenta, Txara Janari denda, Lubaki kiroldegia eta Aspanogi elkartea bera egindako ekarpenagatik.
Azpimarratu dute helburua jasoko den diruaren ahalik eta gehiena Aspanogirentzat izatea dela.

Prezioak eta izen-ematea

Helduentzako sarrera 12 eurokoa izango da; 14 urtetik beherakoek 5 euro ordainduko dute, eta ikusleentzako sarrera 4 eurokoa izango da. Parte-hartzaileei Aspanogiren zapia banatuko zaie.
Izena emateko, banku-transferentzia egin beharko da, izen-abizenak adieraziz, honako kontu zenbakira: ES31 0049 6087 1228 1613 0137.

Ekitaldiaren egunean bertan sarrerak 15 eurokoak izango dira, eta ordainketa eskudirutan eta diru justuarekin egin beharko da. Dena den, antolatzaileek, antolaketa errazte aldera, otsailaren 20a baino lehen izena emateko eskatu dute.

Azkenik, antolatzaileek herritarrak ondo pasatzera animatu dituzte: ariketa fisikoa egiteko, musikaz gozatzeko eta giro onean elkartasun ekimen batean parte hartzeko aukera paregabea izango dela nabarmendu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide