Arroan eskola berria orain!

Gaur da astebete, “Txikitasunian Haundi” ekimenaren baitan gaztaina erre jaia antolatu zutela Arroabean. Arroabeko Guraso Elkarteak,  eskola berriaren gaia zertan den azaldu zuen. Bertan esandakoaren laburpena bidali ziguten, hemen idatzia.

Urteak damatzagu Arroabean (Zestoa) eskola berri bat eskatzen eta bide horretan, duela bi urte eman genion hasiera gaztain erre festaren bitartez aldarrikapen kanpaina honi. Orduan, aurreko urtetako Guraso elkarteak, eskola zuzendariak eta udal ordezkariek egindako lanari esker, kanpaina berriak emandako bultzadarekin, eskola berria helburu zuen trena abían jartzea lortu genuen. Baina gaur, bi urte geroago garbi utzi nahi dugu, lanean jarraitu beharrean gaudela, zoritxarrez, oraindik ere eskola berririk gabe jarraitzen bait dugu.

Bere garaian aldarrikapen honekin lanean hasteko arrazoiek bere horretan diraute. Esan bezela, gure haurren egoera prekario eta arriskutsuak, irakaslegoaren gain erortzen den zama, tentsio eta inpotentziak eta gurasoon kezkak berdin jarraitzen bait dute.

Oso kezkatuta jarraitzen dugu eskolak dituen baldintzekin, eta batez ere, ezin dugu ahaztu, gure eskolak auzo guztian zehar sakabanatuta dauden bost eraikinetan banatuta jarraitzen duela. 209 metroko distantziak banatzen ditu urrunena daudenak. Hau da, egunero-egunero adibidez jangelara edo gimnasiora joateko, haurrek (baita bi urtekoek ere) distantzia hauek egin behar dituzte, baita euria ari duenean ere, eta bidean auzoko errepide nagusia ere gurutzatu egin behar dute.

Honez gain, gogorarazi nahi dugu, auzoa bi aldetatik errepidez inguratuta dagoela, hauetako bat N-634 delarik. Jolasgunetik 33 metrora dago N-634 errepidea eta auzotik errepide honetara gutxienez 5 irteera behintzat badaudela.

Irakasleek behin eta berriz hezkuntza delegaritzan egoera larri hau azaldu behar izan dute eta personal aldetik laguntza bidaltzen da baina hala eta guztiz ere honek ez du gure haurren segurtasuna bermatzen. Behin-behineko partxeak baino ez zaizkigu iruditzen. Arazo hau eta gure kezka konpontzeko modua eraikin bakar bat lehenbailen egitea da. Modu honetan, eskola orduetan gure haurrak ez dira kale gorrian ibiliko hara eta hona, eskola eremua zein den argi eta garbi identifikatu ahal izango dutelarik.

Azken bi urteetako kronologia

2015eko otsailaren 4an Lakuan hartu gintuzten, baliabide materialen eta azpiegituretako sailburu ordeak eta sail horretako zuzendari teknikoak. Egoeraren larritasuna guztiz konpartitzen zuten gurekin eta plangintza bat aurkeztu ziguten, non 2017 urte amaierarako eskola berriaren lanak amaituta egongo ziren. Bitarte horretan egoerak hórrela ezin zuela jarraitu eta, teknikari bat bidali zuten Arroako eskolara arrisku egoerak identifikatu eta neurriak hartzera. Baina soluzio bakarra eskola berria lehenbailen egitea zela izan zen teknikoaren ondorio nagusia. Gauzak horrela, prozedura azkartzeko ahaleginak egingo zituztela esan ziguten, baina errealitatea guztiz bestelakoa da.

Eskola berriaren egitasmoa martxan dago, bai, okerrago izan zitekeen, baina ez da nahikoa. Esan bezala, trena abiatu da, baina geldialdi dexente egiten ari da eta bultzada etengabean gabiltza. Helmugara agindutako datan ez dela iritsiko jada badakigu, baina noiz iritsiko denaren arrastorik gabe jarraitzen dugu. Eta hori da okerrena.

Gure haurrak dauden egoran egonda, eskola berria egin bitarte pasatzen den egun bakoitza arrisku egun bat gehiago da eta horrek kezka handia eragiten digu. Arriskuez gain, eraikinak instalazio aldetik aurkitzen diren balditza negargarriak ezin ahaztu.

Lanen Oinarrizko Proiektua eginda dago, hilabeteak daramatzagu egikaritze proiektua noiz aurkeztuko zain, behin hau onartuta ogasunera pasa eta lanak egiten hasteko esleipen prozedura jarriko bait da martxan. Honez gain, eskola berriko eraikinaren lanak egiten hasi aurretik, Zestoako udalak, eraikinak beharko dituen azpiegiturak zehazten dituen urbanizazio proiektua egiteaz gain, obren esleipena eta aipatu urbanizazio lanak burututa izan beharko ditu.

Bi urte hauetan eskola eta gurasoak Zestoako udalarekin jarraipen billerak egiten ari gara 3 hilean behin, Jaurlaritza eta gure arteko bitartekari bezala Udala bait dago izendatuta. Azkena, eskola berriaren festarako (2017ko ekainak 11) lanak hasita egongo zirela esan ziguten. Honek, 6 hilabeteko atzerapena supusatuko luke bere garaian Lakuan egin ziguten plangintzarekin. Atzerapen honez gain, esan beharra dago gaur bertan udaletxetik abisatu digutela egikaritze proiektua jada Eusko Jaurlaritzaren eskuetara iritsi dela, onarpena eman omen zaiola, eta pentsatzen dutela datorren astean Ogasun Sailera pasako dela. Hau da, beste lau hilabeteko atzerapena, guztira, momentuz, 10 hilabeteko atzerapena.

Ez gaitu batere lasaitzen martxan dagoela eta noizpait egingo dela jakiteak. Guretzat ez da nahikoa!!!!

Irmotasunez salatzen ditugu gure seme-alabek hezkuntza duin bat jasotzeko dituzten baldintza exkaxak. Gaiarekin oso-oso kezkatuta jarraitzen dugu, eta beste ezbehar larriren bat gertatu aurretik, orain bi urte eskatu bezala, Jaurlaritzako arduradun tekniko eta politiko nagusienekin billera berri bat eskatzea da gure asmoa. Prozedurari bultzada bat eman diezaioten, ez dadin gehiago luzatu eta gutxienez gure haurrek 2018/2019 ikasturtea eskola berrian has dezaten. Hau horrela izan dadin, erreferentzi bezela, 2017ko ekainaren 11an Arroan burutuko den Eskola Txikien festa egunerako eskola berriaren lanak hasita beharko lukete egon.

Besterik gabe, eskerrik asko guztioi

Arroan Eskola Berria Orain




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide