Albisteak

Asteburu herrikoi eta mendizalea dator Agiro Mendi Klubaren babesarekin

Asteburu honetan, Zestoa mendi jardueraz beteko da. Beñat Benantxio Memoriala ospatuko da, Zestoa-Urepel ibilbidearen jarraipena, Eskola Kiroleko mendi irteera, eta Azpeitira Kilometroetara oinez joateko deialdiarekin. Agiro Mendi Taldea protagonista izango da parte hartzaile ugari erakarriko dituzten ekimen hauen antolakuntzan eta laguntzan parte hartuz.

Beñat Benantxio memoriala larunbatean

Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro klubaren babesarekin, Beñat Benantxio Memoriala antolatu du larunbat honetarako, bi ibilbide eskaintzen dituen mendi ibilaldia: bata luzea eta bestea laburra. Ibilbide luzea 25 kilometrokoa da eta laburra 10,4 kilometrokoa. Ibilbide luzeko partaideak goizeko 7:30ak eta 8:00ak bitartean irtengo dira plazatik, eta ibilbide laburrekoak 9:00ak eta 9:30ak bitartean. Parte hartzeko izen-emateak azken ordura arte egongo dira zabalik herrikrosa.eus webgunean, 15 euroko kostuarekin. Ibilaldia amaitzean, herri bazkaria egingo da plazan eta arratsaldeko 18:30ean Tio Teronen emanaldiaz gozatu ahalko dute.

Zestoa-Urepel ibilbidea

Larunbat honetan, Zestoako eguna ospatuko da Urepelen, Agiro Mendi Taldeko kideek Zestoa-Urepel ibilbidearekin jarraituko dute. Oraingoan, 17 kilometroko tartea egingo dute, Artesiagatik Urepeleraino. Jardunaldi honen ondoren, Zestoa eta Andoain arteko zatia baino ez zaie faltako, bost etapatan banatu duten ibilbidea amaitzeko.

Mendizaletasuna Eskola Kirolaren barruan

Larunbatean ere, Eskola Kirola programaren barruan, Zestoako ikasleek mendi irteera bat egingo dute mendi klubaren laguntzarekin. Zestoatik Ekainberrirantz abiatuko dira, Agittatik pasatuz eta Etorratik itzuliz, 7,5 kilometroko ibilbidea burutuz.

Azpeitiko Kilometroaetara  oinez

Igandean, goizeko 9: 00etan, talde bat Gurutzean bilduko da oinez Azpeitian ospatuko den “Kilometroak” ekitaldira joateko. 8,5 kilometroko ibilbidea Zestoan hasiko da, Ondarbaso baserritik pasa eta Aitzbakarretik igaroko da, Azpeitian amaituz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide