Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Bere garaian Danbolineko bilera batean erabaki zen atarikoa hilabeteko zenbakian zer agertzen den azaltzeko bidea izango zela. Patuak, ordea, hilabete honetan atarikoa nik idaztea nahi izan du eta ezin dut aukera hau galdu Joneri “agur eta ohore” esateko. Atariko hau tematikoa izango da eta Danbolinzulo kultur elkarteko lehendakaria naizela baliatuz, Joneri omenaldi txiki bat izan nahi du. Jone hogeita lau urtez Danbolineko langilea izan da eta orain ekainean utziko du bere lana. Danbolinek aurten 25 urte beteko dituela kontuan izanik inolako zalantzarik gabe esan dezakegu herri aldizkariaren oinarriak ezartzen lagundu duela. Orain 24 urte pesetatan ordaintzen zen, telefonoak deitzeko bakarrik balio zuen, argazkiak karreteetan ateratzen ziren eta Danbolin hazten ari zen.
Garai interesgarrian iritsi zen eta inork ezin zuen imajinatu 25 urte geroago non izango ginen. Lehen urte horietan argazkiak karreteetan ateratzen ziren eta herriko lehenetakoa izan zen argazki kamera digitala erosi genuen. Canon kamera horrek lanak asko erraztu zituen eta Jone ekitaldietan argazkiak ateratzen hasten zenean kuriositatea sortzen zuen. 20 urte geroago, papereko aldizkariaz gain, web orria, sare sozialak edo whatsapp kanalak ditugu. Ezin dugu ukatu urte guzti hauetan garai onak eta ez hain onak izan ditugula. Hala eta guztiz ere, uste dut eboluzionatzeko gai izan garela eta gizartearekin batera aldatu garela.
Herritar talde batek hasi zuen proiektua, gaur egun, herriaren ondare immateriala dela esan daiteke. Auzo lanean urte guzti hauetan aldizkarian azaldu diren herritarren istorioak edo argazkiak herriko ondarearen zati garrantzitsu bihurtu dira. Urte guzti hauen ondoren herritarrek Danbolin berea den zerbait bezala ikusten dutela uste dut. Adibide moduan, maiatzean antolatu zen herri bazkariak izan zuen erantzuna. Oso pozik gelditu zen Danbolineko taldea eta hitz onak besterik ez ditugu bertaratu zineten guztiontzat eta antolakuntzan lagundu zenutenentzat. Jasotzeko garaian ere jendeak nola lagundu zuen eskertu gabe ezin geldi naiteke.
Bukatzen joateko, hau “gero arte” bat dela esan behar dizut Jone. Oraindik Danbolineko bileretara etorriko zarela guztiok dakigu, baina hemendik aurrera kolaboratzaile paperean. Hala ere, oraindik azken lan bat egin beharko duzu. Ni ez naiz erabakia hartuko duena, baina festetan Danbolinen 25. urtemuga dela eta, txupinazoa botatzea tokatzen zaigunean txupina piztu behar duena zu izango zarela garbi dut. Agur eta ohore Jone.
Urko Canseco