Paperekoa

[ATARIKOA] Norabideak

Hiru hilabete igaro dira nire bizitzak ezusteko norabide-aldaketa bat izan zuenetik. Zuetako batzuek honezkero jakingo duzue, beste batzuk, berriz, oraintxe konturatuko zarete. Urte berriaren bigarren egunean, Danbolineko kide berri izatera pasa nintzen. Esaera zahar batek dio, urte berri, asmo berri. Nire ingurukoek behin eta berriz esaten didaten moduan, Oihane “Fati” izatetik Oihane “Danbolin” izatera pasa naiz. Ez dakit etorkizunean nire bizitzak zein norabide hartuko duen, baina ziur nago orduan ere ez nautela izenez soilik deituko.

Aldaketez ari garela, bada askok lehenago edo beranduago egin nahi izaten dugun aldaketa bat: gurasoen etxetik joatea. Mila aldiz esan digute gurasoek etxean bezala ez garela inon egongo, etxera iritsi eta bazkaria mahai gainean egotea bezalakorik ez dagoela edo arropa ez dela magia bidez garbitzen. Hala ere, badakigu independentziak bere alde onak ere badituela, eta gazteok hori esperimentatzeko gogoz gaude. Egoera horren aurrean, oztopo handi batekin aurkitzen gara, ordea: ez daukagu aukerarik. Herrian ez dago kasik etxe edo pisu librerik eta horrek independizatze prozesu hori guztiz zailtzen du.

Hori ez da beti horrela izan gure herrian, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, 1974an, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 1990. urterako Zestoa 38.000 biztanle izatera iritsiko zela aurreikusi zuen. Fernando Arzallusek azalduko digu bere artikuluan aurreikuspen horretan egindako akatsa eta nola aldatu den urteen poderioz gure herriko biztanleria. Industrializazioak, industriaren itxierek eta irekitzeek, baita baserrietako bizimoduaren aldaketek ere, gorabehera handiak eragin dituzte. Orain, 4.000 biztanlera iristear gaude. Lortuko ote dugu zifra hori?

Denboraren poderioz, herritarren joan-etorriak nabarmenak izan dira. Batzuek norabide berri bat hartu dute eta kanpora joan dira bizitzera, baina beste batzuek betiko herrian jarraitzen dute. Azken horien artean dago Mikel Irure, eta herriarekin duen lotura estuagatik dugu ezaguna. Txikitatik ipurterrea izan arren, mundua beste inork baino gehiago ezagutu duela ikusiko dugu martxoko zenbakian. Hainbeste kontu ditu lau haizetara zabaltzeko, Mikel Lizarralde galderak egiten hasi aurretik bere abentura guztiak kontatu dizkiola.

Ea ba, elkarrizketa irakurri ondoren, guri ere norabide desberdinak ezagutzeko grina pizten zaigun!

Oihane Goikoetxea Larrañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide