Atzo iluntzean beste langile bat hil zen lanean, aurtengo hirugarrena

LAB sindikatuak bidalitako prentsa oharra:

I.A.E., Zestoako Industrias Artzubia enpresako 51 urteko langilea, aldagelatan topatu zuten ondoezik atzo, handik erietxera eraman eta denbora gutxira hil egin zen. LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna
adierazi nahi dizkiegu senide, lagun eta lankideei.

Heriotza ez traumatikoak ugaritzen ari dira eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu hauetan duten eragina.

2022 urtean Euskal Herrian lan istripuz hildakoen % 33a ez traumatikoa izan zen, 23 langile. Honek arazo kardiobaskularrak barnebiltzen ditu.

Hainbat faktore daude istripu hauen atzean, baina arrisku psikosozialak eta estresa dira garrantzitsuenetako batzuk. Hauen aurrean eskumenak dituen Urkulluren gobernuak entzungor egiten du. Ez Osalandik ez Lan Ikuskaritzatik ez da neurri eraginkorrak hartzen langilegoan gero eta intzidentzia handiagoa duen arazo honi aurre egiteko.

Ordua da behingoz, Jaurlaritzak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko patronalari prebentzioa betearazteko, baita arazo psikosozialen aurrean ere.

Garraiolaria larri istripu ez traumatiko baten ondorioz, Ibarran
Ibarrako Voith enpresara zihoan garraiolaria ondoezik topatu zuten atzo bere kamioian, antza bihotzekoak jota. Egoera larrian erietxera eraman zutela jakin ahal izan dugu.

Garraiolarien sektorea da alde handiz arazo kardiobaskularrak neurri handienean pairatzen dituen langile kolektiboa. Datuen errealitatea izugarria da nahiz eta patronalak zein Jaurlaritzak berak, heriotza natural gisa aurkeztu nahi dizkiguten.

Ezinbestekoa da lan istripu ez traumatikoekiko neurriak hartzea, bereziki sektore jakin batzuetan, non laneko baldintzak eragile argiak diren.
Euskal Herrian, 2023ko urtarrilaren 13an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide