Albisteak

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Udalak

Aurten, lehen aldiz, aurrekontu parte hartzaileak jarri ditu martxan udalak. Aurrekontu orokorreko inbertsiorako erabilitako poltsatik, 50.000 euro bideratuko ditu prozesu horretara. 2020ko aurrekontuak abenduko udalbatzarrean onartuko dituzte eta datorren urteko kopurua sei milioi euro ingurukoa izatea aurreikusten dute. Azken hamarkadetan aurrekontuak apirila inguruan onartu izan dira eta aurten, lehen aldiz, urte amaieran onartuko dituzte. “Aldaketa nahiko nabarmena da Zestoan eta uste dugu gauzak aldatzeko garaia badela” adierazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak.

Aurrekontu parte hartzaileena ariketa berri bat izango da zestoarrentzat. Inbertsioetarako 50.000 euro zertan gastatuko dituzten erabaki beharko dute herritarrek. Horrelako prozesu bat martxan jartzea herriarentzat aberasgarria dela azpimarratu du alkateak.  Datorren asteazkenean, hilak 20, egingo da honen inguruko lehen bilera, arratsaldeko 19:00etan, Udaletxean. Bilera horretan, herritarrek beren proposamenak egiteko aukera izango dute. Nerea Odriozola zinegotziak azpimarratu du egun horretan bakarrik jaso ahal izango direla proposamenak, beraz, hitzordu garrantzitsua dela.

Erabakia, abenduan

Bigarren bilera, abenduaren 18an izango da eta datorren asteazkenean egindako proposamenen artean aukeratuko beharko dute. Ariketa hauek inoiz perfektuak ez direla izaten esan du Arregik, arrisku puntu bat ere izaten dutela. “Gure ustez, ordea, ikuspegi demokratiko eta parte hartzailetik ariketa hauek egin beharrekoak dira dena Udaletxean erabakitzea ez delako zilegi” gehitu du.

Plan estrategikoa

2020 eta 2030 urte bitarteko plangintza estrategiko bat lantzen hasteko asmoa dutela ere azaldu du Arregik. 2020ko aurrekontutan urte horretan egin beharreko gauzez gain, epe luzera begirako beste hainbat eremutan inbertitzen hastea aurreikusten dute, batez ere, etxe bizitza politikan. “Gure ustez Zestoan lur eraikigarri asko daude eta gure estrategia gauzak ondo aztertu ondoren lur publiko baten aldeko apustua egitea izango da. Iruditzen zaigu etxebizitza politika kontrol publiko batetik egin behar dela, nahiz eta gero, ekimen pribatuarekin ere hitzarmen batzuk egin beharko diren baina gure apustua hori izango litzateke” azpimarratu du.

2020 eta ondorengo urteetako aurrekontuetan diru partida bat herriko lur eraikigarriak erostera bideratzeko asmoa dutela esan du, gero, gainontzeko erakundeekin hitz eginda, alokairu publikoko parkea edo babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. “Iruditzen zaigu gazteei alternatiba bat eman behar diegula, herriko gazteek euren bizitza herrian egin ahal izateko eta horrelako erabakiak  hartu behar ditugula” nabarmendu du.

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide