Albisteak

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua hasi da

Udal aurrekontuei buruz gehiago ikasi eta inbertsioetarako herritarrek izan ditzaketen proposamenak jaso asmoz, ariketa baten parte hartzera gonbidatu ditu udalak herritarrak. Atzo, asteazken iluntzean izan zen lehen saioa udaletxean. Hogeita hamarren bat herritar bildu ziren bertan, auzoetako eta herriko taldeetako ordezkariak, norbanakoak…

Mikel Arregi alkateak egin zuen sarrera. Erakunde publikoetan erabaki garrantzitsuena aurrekontuei dagokiena izaten dela esan zuen, horrek markatzen duelako datorren urtean egingo dena.

Azalera handiko herria

Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta gurea oso herri “garestia” dela esan zuen Arregik.Biztanle kopuru txikia du Zestoak baina azaleraz herri handia da eta horrek diru gastu asko sortzen ditu. Biztanleei dagokionean, Gipuzkoako 88 herritatik 37.a da baina azaleraz, 11.a. Irun eta Errenteri baino handiagoa. Datu batzuk botatze aldera, esan zuen, 54 km bide “pabimentatu” dituela Zestoak eta 200 baserri. Bide eteteek larrialdiko lanak eskatzen dituztela bestela inkomunikatuta gelditzen direlako…

Fintzen joango den ariketa

Proposaturiko ariketaz esan zuen, aurten ez dutela nahi adina denbora izan nahi bezain ondo antolatzeko. Badakitela ez dela denen gustuko ariketa izango, ez dela “perfektua” izango, baina hala ere aurrera egitea erabaki dutela. Hurrengo urteetan ere prozesuarekin jarraitzekoak direla eta joango direla fintzen.

Ariketa orain egitearen arrazoietako bat, normalean udaberrian onartzen ziren aurrekontuak aurreratzeko nahia izan da. Abenduaren 19an burutuko den udal batzarrean, 2020ko aurrekontuak onartuko dira eta horregatik prozesu honen presa. Bezperan erabakiko da proposaturiko zein inbertsio aukeratuko den aurrekontuetarako.

Udal aurrekontuei buruzko gutxieneko ezagutza

Prozesuaren beste helburuetako bat, herritarrei aurrekontuak zer diren eta Zestoako Udalari dagozkion atal bakoitzeko bolumenak ezagutzeko azalpenak ematea ere bazen. Ander Cestonak, Udaleko idazkari kontu hartzaileak eman zituen atal horri zegozkion azalpenak.

Proposamenen bilketa eta bigarren faserako deialdia

Ariketaren azken zatian, Siadecoko Juanjo Allurrek, parte hartze prozesu honen inguruko arauak eta ariketaren nondik norakoak azaldu zituen eta ondoren, herritarrak seiko taldeetan bildu eta bakoitzak bere proposamenak fitxa batzuetan idatzi zituzten; deskribapena, helburuak, onuradunak… zehaztuz. Ondoren, elkarren artean komentatu zituzten eta azkenik, talde bakoitzeko bozeramaileak gainontzeko taldeetako kideei azaldu zizkien.

Behin fitxak jasota, udaleko teknikari ezberdinei dagokie orain egin diren proposamenak aztertzea; ekonomikoki 50.000 euroko gastuan egiteko modukoak diren, bestela ere udalak 2020rako egitekoen zerrendan duen edota inbertsioen partidarako modukoa den edo ez.

Abenduaren 18an izango da hurrengo saioa eta jada ezingo da proposamen berririk egin. Baleko proposamenen artetik, bost aukeratu beharko ditu bertaratzen den pertsona bakoitzak, baina, norberak egindako proposamenetatik, bakarra aukeratu beharko du, ezingo da bosteko zerrenda horretan norberak botatako bat baino gehiago sartu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide