Albisteak

Auto pribatuek ezin izango dute Zestoa aldetik Azpeitira sartu asteburuan

Asteburu honetan trafiko eragozpenak izango dira Azpeitia eta Zestoa arteko joan-etorrietan, Ezkuztako zubian egiten ari diren lanen ondorioz. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, larunbateko 06:00etatik igandeko 22:00etara ibilgailu pribatuentzat erabat itxita egongo dira Ezkuztako zubia eta Magdalenako sarbidea.

Horrek esan nahi du Zestoatik Azpeitira edo alderantziz joan nahi dutenek ezin izango dutela ohiko bidea erabili, eta udalaren gomendioa da Elgoibartik barrena egitea joan-etorria.

Larunbatean izango da eraginik handiena. 06:00etatik 14:00etara, Ezkuztako zubia eta Magdalenako errepidea ibilgailu guztientzat itxita egongo dira, baita autobusentzat eta taxientzat ere. Larrialdi zerbitzuek bakarrik izango dute pasatzeko aukera.

Larunbateko 14:00etatik igandeko 22:00etara, berriz, zubia itxita mantenduko dute, baina garraio publikoak, autobusak eta taxiak, eta larrialdi egoeran daudenek Magdalenako errepidetik barrena izango dute GI-631 errepidera sartzeko edo handik ateratzeko aukera. Auto pribatuentzat, ordea, sarbidea itxita egongo da oraindik ere.

Igandean 22:00etatik aurrera, zubia berriro irekiko dute eta semaforoen bidez txandaka bideratuko da trafikoa, gaur egun bezala. Une horretatik aurrera, gainera, ibilgailu guztiek izango dute berriro Magdalenatik GI-631 errepidera sartzeko aukera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide