Albisteak

Azaroaren 16an egingo da Artisauen eta Baserritarren Azoka Arroabean

Arroabeko plazan ospatuko da artisauen eta baserritarren azoka azaroaren 16an, igandez, Ezkaizto auzo elkarteak eta Txara kooperatibak antolatuta. Goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, 58 postu jarriko dira, eta bertan izango dute herritarrek elikagaiak ekoizleei zuzenean erosteko, artisau produktuak eskuratzeko eta jan-edateko aukera.

Aurten ere, auzoko eragileek parte hartuko dute azokan. Festa Batzordeak taberna jarriko du, eta Eskola eta Txepetxako haurrek ere euren postua izango dute. Hauek lortutako etekinak Aspanogi elkartearentzat —Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkartea— izango dira.

Gainera, taloak dastatzeko aukera izango da. Iaz, aurreko urtekoa baino genero bikoitza prestatu zuten, eta hala ere, dena agortu zen; beraz, herritarren artean taloek arrakasta handia dutela argi dago.

Ekintzaz beteriko azoka izango da. 11:00etan, Jakoba Errekondok bere Ilargia eta landareak 2026 lana aurkeztuko du. Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoek baratzeei, fruitu-arbolei, basoei eta loreei buruzko galderak zuzenean egin ahal izango dizkiote egileari. Goizean zehar, gainera, artile tailerra egingo da, artilea lantzeko prozesua ezagutzeko aukera eskainiz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide