Albisteak

Badator ‘Ekainfest 2016’

Ekainfest 2016 egitarau zabalaz eta indartuaz dator. Zazpigarren edizio hau ekainaren 12an egingo da. Historiaurreko bizimoduaz eta xarmaz gozatzeko festagune bihurtuko da Zestoa egun osoa. Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldi ikusgarriak marraztu zituztenei omentzeko eguna da, eta gure arbasoen bizimoduaren xarma ezagutzeko eta horien historiaurreko bizimodua goratzeko eguna da Ekainfest.

Zestoako Udalaren babesarekin, Ekainberri, Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Bainuetxea, Zestoako tabernariak eta Zestoako interpretazio eskola ari dira elkarlanean. Antolaketa taldeak hilabeteak daramatza lanean egitarau zabala eta ikusgarria antolatzeko helburuarekin.

Ekainfest 2016 egitarauaren aurrerapena:

  • Pottokan eta zalidetan ibilaldiak egiteko aukera.
  • “Irrien Lagunak” Ekainberrin izango dira ikuskizun alai eta umoretsu batekin arratsaldez Ekainberri parean.
  • Historiaurreko gastronomian oinarritutako pintxo-tour bat Zestoako tabernetan.
  • Euskal produktuez osatutako Herri Bazkaria.
  • Lehenengo aldiz Gazteen Olimpiadak ere ospatuko dira (12-16 urte artekoentzat) arratsaldean.
  • Beste hainbat sorpresa.

Ekitaldi nagusiak III. Historiaurreko Olinpiadak eta Gazteen Olinpiadak izango dira.

III. Historiaurreko olinpiadak – Zestoa eta Euskal Herriko koadrilei edo tribuei zuzendutako olinpiadak.

2016ko ekainaren 12an,  III. Historiaurreko Olinpiadak egingo dira Zestoan, 11:00etatik 14:00etara. Izen-ematea doakoa da.

Irekiera ekitaldiak, edozein joko olinpikoetan egiten den modura, antzerkia eta parte-hartzaileak uztartuko ditu. Zestoako Interpretazio Eskolak “Hiru Probak” izeneko ikuskizuna prestatu du jokoei hasiera emateko.

4, 5 edo 6 laguneko taldeak osatu beharko dira eta tribu bakoitzean neska nahiz mutilek parte hartu ahal izango dute. Ez da inolako ezaugarri fisiko berezirik beharko, ezta inolako prestaketarik ere, historiaurreko olinpiada hauetan parte hartzeko;  16 urtetik gorako edonork har dezake parte.

Herri kirolek garaiko lanetan oinarria duten bezalaxe, olinpiada berezi hauetan, historiaurreko bizimoduarekin lotura estua duten kirol probak gainditu beharko dira. Historiaurrean, adibidez, ehizan trebea izate garrantzitsua zen bizirauteko… Hortaz, historiaurreko olinpiadetan, horrelako abileziekin erlazionatuko probak egingo dira.

Presta daitezela, beraz, III. Historiaurreko Olinpiadetan parte hartzeko inguruko gazte koadrilak; inoiz ikusi gabeko abentura eta proba ikusgarriekin, guztiok gozatuko baitugu.

2015eko olinpiadetan bost taldek hartu zuten parte lehia gogorrean. Lau proba pasa eta gero “LGBHT” taldeak eraman zuen urrezko domina, “Sukoiak” taldeak zilarrezkoa eta “Pagorriaga” taldeak brontzezkoa. Historiaurreko probak gainditzeko indar apur bat, abilezia eta azkartasuna behar direla ikusi zuten parte-hartzaileek, baina halaber, umorea eta kiroltasuna nagusitu ziren.

Sariak:

  • Tribu irabazlea: URREZKO DOMINA + 600€ eskudirutan + zirkuitu termala Zestoako Bainuetxean.
  • 2. tribua: ZILARREZKO DOMINA + 350€ eskudirutan + gau bateko asteburua Zestoako Aranburu Landetxean
  • 3. tribua: BRONTZEZKO DOMINA + 150€ eskudirutan + afari bat Zestoako Fati tabernan
  • 4. tribua: oparia + Ekainberri Museora bisita eta hango jarduerak egitea
  • 5. tribua: oparia + 2 orduko paseoa Sastarrain Baserri Eskolako zaldiekin eta ondorengo mokadua.
  • 6. tribua: oparia + Espeleologia Ekain 2n.

Gainerako taldeek saskiak jasoko dituzte opari.

Zestoako Gazte Olinpiadak

Ekainfest egunean, arratsaldean, 12 eta 16 urte arteko gazteek beren abileziak frogatzeko aukera izango dute

Helduek goizean egingo duten moduan, 12 eta 16 urte arteko gazteez osatutako taldeei hainbat froga jarriko zaizkie dominak eta sariak lortu ditzaten. Etorkizun motz batean, hauek izango dira Zestoako Historiaurreko Olinpiar Jokoetan parte hartuko dutenak eta entrenamendu moduan oso ondo etorriko zaie olinpiar joko gazte hauetan parte hartzea.

Arratsaldeko 17:00etan emango zaie hasiera Zestoako Plazan Gazte Olinpiadei eta 18:30etan bukatzea aurreikusten da. Bertan parte hartzeko, helduekin egiten den modura, gazte taldeek izena eman beharko dute Ekainberriko Informazio Bulegoan. Halere, egunean bertan izena emateko ere aukera izango da, plazara hurbilduta.

Helduekin bezala, hauek ere sariak izango dituzte. “Ekain, euskal hanburguesak” eta “Urdetxe”k eskainitako produktuekin batera banatuko dira urrezko, zilarrezko eta brontzezko sariak.

Lehenengo aldiz ospatuko diren Gazte Olinpiada hauekin, etorkizuneko historiaurreko olinpiar jokoetako partehartzaileak prestatu nahi ditugu, denborarekin, lortzen diren markak hobetu eta hausteko.

Microsoft Word - Olinpiadetako prentsa oharraZestoako III. Historiaurreko Olinpiadetan eta Gazte Olinpiadetan parte hartzeko…

III. Historiaurreko Olinpiadetan:

  • 16 urtetik gorako partehartzaileak.
  • 4-6 pertsonako taldeak.
  • Historiaurreko gizakien modura jantzita etorri beharko dira.
  • Tribuak izen bat izan beharko du.

Zestoako Gazte Olinpiadetan:

  • 12 eta 16 urte arteko gazteentzat
  • Taldean edo indibidualki apuntatu daitezke. Egunean bertan osatuko dira taldeak.
  • Normal jantzita etorri daitezke, baina historiaurreko gizakien modura jantzita badatoz, sorpresaren bat egon daiteke…

Eta denontzat, izena emateko eta zalantzak argitzeko:

Ekainberriko Informazio Bulegoan: Portale kalea 1. Zestoa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide