Albisteak
Badator Kobaz Kobaz Trail 2018
— 2018-02-13Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren III. edizioa izango da datorren igandean, hilak 18. Agiro Mendi Taldeak eta Arazik elkarlanean antolatutako lasterketa honek, lehen gizakiaren bideetatik iragana bizitzeko esperientzia eskaini nahi du. Gure arbasoen bide berdinetatik, historiaurretik gaurdainoko mendi lasterketa gisa definitzen dute antolatzaileek.
Aurtengoan ere bi proba izango dira: Artzei bidea (13km) eta Zaldei bidea (25km). Ibilbide osoak “8” baten forma hartzen du, Zestoako herria erdian geratzen delarik. Zestoako lurretan, azken izotz aroan, paleolitoaren amaieran, lehen gizakiak bizi izandako hainbat koba aurkitzen dira, non gizaki haien aztarna material ugari eta labar arte ikusgarria aurkitu diren. Lasterketaren ibilbidea berauetatik igarotzen da, kobaz-koba lehen gizakienak izan zitezkeen bideak jarraituaz.
Leku ezberdinetako partaideak izango dira lasterketan: 316 gipuzkoar, 51 bizkaitar, 44 arabar, 21 nafar eta kanpoko beste hainbat, Bartzelona, Avila, Burgos edo Zaragozatik etorriko da jendea. 33 herritarrek hartuko dute parte. Gainera 37 azpeitiar, 23 azkoitiar, 32 zumaiar eta 24 zarauztar ere izango dira proban.
Lasterketako parte hartzaile guztiek opariak jasoko dituzte. Izen ematearekin batera korrikalariek opariz betetako poltsa bana jasoko dute. Gainera, lasterketa amaitzean sariak zozketatuko dira korrikalari guztien artean. Proba bakoitzean lehen hiru sailkatuak ere sarituak izango dira.
Ondorengoa izango da igandeko egitaraua:
9:00 – Zaldei bidea (25km) lasterketaren hasiera10:00tan Artzei bidea (13km) lasterketaren hasiera
10:00etatik aurrera: Trikitilariak eta festa giroa Laranjadi plazan. Probako babesle diren Euskolabel, Euskaber eta Naturalki-k beren produktuak eskainiko dituzte ere bertan.
10:15ak aldera lehen korrikalariak Zestoako kaleetara iristen hasiko dira. 13:00ak arte korrikalariak pasako dira.
12:30 – Sari banaketa. Lehenik Artzei bidea (13km) eta ostean Zaldei bidea (25km).
13:00ak aldera, denbora maximoak beteko dira eta azken korrikalarien iritsiera.
Egin zaitez bazkide