Baroja oroitzen orain dela 20 urte

Atzo hasi zen 77. Musika Hamabostaldia. Horrek ekarri dit gogora orain dela 20 urte, abuztuaren 22an, ostegunean, Musika Hamabostaldiak kontzertu zoragarri bat eskaini zuela, hemen Zestoan, Pio Barojaren omenez. Aurreko egunak, benetan, estres handikoak izan ziren, bihotzekoak emateko modukoak, baina emaitza, bihotzean betirako gordetzeko modukoa izan zen.

Zestoako Udalak, nik uste dut, sekula ez zuela horrelako ekitaldi handi bat antolatzen parte hartu, eta izugarrizko erronka eta buruhaustea izan zen hura: taulatuak, hainbeste jenderentzat aparkalekuak, artistak aldatzeko lekuak… Kontu egin 1.200 pertsona inguru sartu behar zirela plazan! Horrek, besterik gabe, primeran ematen du ekitaldiaren neurria.

Orain dela 20 urte… Kosta egiten zaigu orduko gertakariez gogoratzea. Esate baterako, Aznarrek Jose Ignacio López de Arriortua, Superlopez, kontratatu zuen osasungintzan 200.000 milioi pezeta aurreztu asmoz. Hakan Mild suediarra, Errealeko jokalari berria (inor akordatzen al da?), egun haietan iritsi zen Donostiara. Oraintxe bezalaxe, sexu iragarkiek egunkarietako azken aldeko orriak hartzen zituzten (“Sexo gratis, 952050707”). “Oinordekorik gabeko baserriak” zituen aipagai Rufino Iraolak. Eta abar eta abar.

Eguraldia zoragarria zen; enkargatuta ere ez zegoen hobea egiterik. Bezperatik zeuden oholtzak eta azpiegitura denak muntatuta; egunean bertan muntatu zituzten argiak eta soinu ekipoa; arratsaldean egin zituzten entseguak orfeoiak, orkestrak eta bakarlariek…

Eta 19:00etan, eman zitzaion hasiera jaialdiari kalejira herrikoi batekin. Pio Baroja plazan hasi zen ibilaldia eta Alkorta aurrean bukatu. Han ziren, besteak beste, Antxieta taldekoak Pio Barojaren garaiko arropa jantzita, Euzkitze, Lizaso eta Gorrotxategi bertsolariak, Altuna ahizpak eta Garikoitz Mendizabal gazte askoak… Eta geu ere bai, Pio Caro Barojari, idazlearen bilobari, konpainia egiten. Euzkitzek Barojaren papera egiten zuen; Lizasok, berriz, bizar ederrarekin, Joxeparena: laster umetxoa izateko zorian zegoen, nonbait, eta medikua eskatzen zuen; alajaina!; Gorrotxategi, berriz, mikelete jantzian. Tira, nahikoa barre egin zuen jendeak haien ateraldiekin!

Bai, halaxe zen: jendea poz-pozik kalejiran, baina antolatzaileak serio demonio. Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena egitea eskatu zuten zenbait herritarrek, eta buruhauste galantak ekarri zituen horrek. Garai hartan egon zen bahituta Jose Ortega Lara eta egoera politikoa oso bortitza zen. Ondorioz, gure jaialdiaren egun hartan, beldur galanta zegoen hara, plazara, pankartarekin sartu eta han ez ote zen plaza beteko bataila gertatuko. Xabier Unanue alkatea, Jose Antonio Etxenike Hamabostaldiko zuzendaria eta beste hainbat udaletxean zeuden, gortina atzetik begira, han zer gertatuko. Halako batean, jende mordoxka bat sartu zen plazara pankartarekin, uste dut zerbait aldarrikatu zutela mikrofonoz, baina jendea ez zen gehiegi aztoratu eta bake-bakean alde egin zuten presoen aldekoek. 20.30ean hasi zen kontzertua eta bazen han, udaletxean, bat baino gehiago, hartu zuen deskantsuarekin, gin-tonic ederrarekin topa egin zuena: bakearen alde, Barojaren alde, musikaren alde… nork daki!

Kontuak kontu, atera zen Juanjo Mena Bilboko Orkestra zuzentzera eta han zeukan, toril gainean zain, Donostiako Orfeoia ere. Isiltasuna zen nagusi eta hasi zen kontzertua. Carlos Alvarez baritono bakarlaria Il Barbiere di Sivigliako pasarte bat abesten ari zelarik, bederatzietako kanpaiek jo zuten, esanez bezala “guk ere bazekiagu musika egiten” eta abeslariak keinu maitekor bat egin zien eskuarekin. Ordubete geroago, Maria Bayok (Bayoko Mariak, esango genuke guk) hartu zuen protagonismoa eta, besteak beste, hiru abesti euskaldun zoragarri abestu zituen. Guridiren El Caserío-ren zati bat kantatzen ari zela, berriro jo zuten kanpaiek (hamarrak ziren) eta, hala, azken zatiari ekin zieten, hain zuzen ere, Sarriegiren Iriyarena jotzeari. Eta, orduan, zezen-suzkoa jo eta fuego hasi zen, eta jendea Agur Jaunak kantatzen hasi zela ere, han jarraitzen zuten beren txinpartek eta distirek.

Oraindik ere, 20 urte beranduago, txinparta haiek eta kanpai hots inpertinente haiek oso sentsazio gozoa eragiten dute gure buruan, bai horixe!

 

Argazkia: El Diario Vasco, 1996-08-23 (azaleko argazki bat)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide