Baserri bateko zorigaitzak Aizarnan

Aspaldiko kontu zaharrak irakurtzen ari nintzela, zirrara sortu  zidan  gorputzean irakurri nuen idatzi batek. Bertan familia baten zorigaitzak aipatzen zituen eta hemen argitaratzea pentsatu nuen nahi duenak irakurri.

Aspaldiko kontuak  dira, baina   Aizarnako baserri batean  gertatutakoak  1865urtean. Eskutitz batean  aipatzen dira  gertaera hauek eta  Altzolaras Jauregiko maiordomoak nagusiari idatzitakoa da gutun hori. Baserria Sustraiaga izenarekin ezagutzen dugu, Altzolaras  jauregitik oso gertu  kokatzen da berau.

Baserri hau   Altzolaras jauregiarena zen eta bertako biztanleak maizterrak ziren dirudienez. Garai horretan Altzolaras jauregia  Ramon de Zavala y Salazar, Conde de Villafuertes-ena zen  eta etxezain edo maiordomoa Ramon de Berasategi.

Baserri honetan bizi ziren  senar-emazteak  familia hazita   zeukaten eta jakina, berauek   adinean aurreratuak.  Urte txarra igaro zuten eta   errenta ordaintzeko arazoak zituzten nonbait, atzeratzeko  eskatzen dio nagusiari,  igaro dituzten zoritxarrak gainditu arte.

Ez dakit gainditu zituzten, baina ez da erraza gertaera hauen ondoren. Semea etxera ezkondu omen zen  gurasoei laguntzeko asmoarekin, zer gartatuko eta  berehala  gurasoekin  etxean ezkongai zegoen  alaba zendu egin  omen zen.

Zorigaitzak ez omen dira bakarrik etortzen eta bertara ezkondu zen semeak etxetik ihes  egin omen zuen berehala,  berari tokatzen zitzaizkion diru parteak eta gehiago  hartuta. Ondorioa,  adineko gurasoak  pobrezian  eta etxean bakarrik.

Aizarnako kalean, beste alaba bat bizi  omen zen  ezkonduta  eta gurasoei laguntzeko baserrira itzultzeko prestaketan zebiltzala  hau ere zendu egin omen zen. Zorte  txarra benetan guraso hauena.

Beste seme bat Malagan bizi omen zen eta forjaria ofizioz. Garai haietan Malagara lanera joan bazen,  Altzolarasko burdinolan ikasia izango zuen ofizioa seguruenik eta Konde honek Espainian zehar burdinolak  nola  zituen, seguru honen burdinola batean egingo zuela lan.

Etxe zaindari edo maiordomoak  karta honetan adierazten dionez nagusiari, zaila ikusten du  semea Malagatik itzultzea eta baserrian lanean hastea, berak  bizimodua oso errotuta zuelako  hiri honetan.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide