Albisteak

Batxilergoko ikasleek garraiorako dirulaguntza jasotzeko aukera izatea lortu du Ikasek

Maider Aizpuru

Azpeitiko Urola ikastolako batxilergoko ikasleek autobus zerbitzurako dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute. Iragan urtarrilean hasi zuen Urola Erdiko Ikas ikasle autodefentsa sareak doako garraio zerbitzuaren aldeko borroka. Maider Aizpuru Ikaseko kideak azaldu du eskola publikoan ze gastu zituzten aztertzen hasi zirela: “Ikusi genuen jende askok erabiltzen zuela garraioa, eta kalkuluak atera genituen. Batxilergoko ikasle bakoitzak 300 euro gastatzen ditu urtean garraioan”. Zifra horiek ikusita, lanketa bat egiten hasi ziren ikasleak, eta Zestoan bilera bat egin zuten herriko ikasleei egoera azaltzeko.

Egoeraren larritasuna ikusita, ikasleak batu eta auziari “erantzun antolatu bat” emateko borroka abiarazi zuten Ikasek eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak-ek. “Eskolako zuzendaritzarekin bildu ginen, garraioko 300 euroko gastua beraiek ordaintzeko exijitzeko”. Asteak eman dituzte bilerak eta asanbladak egiten, eta azkenean egindako lanak fruituak ema ditu: ikasturte honetatik aurrera, ikasleek garraiorako 125 euroko dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute. Aizpuruk azal du “gustura” daudela lortutakoarekin: “Borroka prozesu bat jarri genuen martxan eta ondo atera da. Honekin jendeari esan nahi diogu antolatzen bagara eta lana txukun egiten bada, gauzak lor ditzakegula. Horrelako mugimenduek fruituak ematen dituztela ikusarazi nahi dugu”. Horrez gain, “helburu handiagoak” dituztela nabarmendu du, “helburua doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua lortzea da”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide