Albisteak

Bederatzi upategik hartuko dute parte Laiak dendak antolatutako V. Ardo Dastaketan

Datorren larunbatean, hilak 20, egingo dute dastaketa, eguerdiko 12:30ean hasita, Lizentziadoneko Platzatxoan. Eguraldiak laguntzen ez badu, kiroldegiko aterpean bilduko dira ardozaleak.

Laiak dendan bosgarren urtez antolatzen duen egitasmoa da aurtengoa eta Xabier Etxabe antolatzaileak azaldu du inoiz baino upategi gehiago izango direla larunbatean, 9 hain zuzen ere. El Ternero, Aimarez, B. Franco EspaƱolas, J. Guzman Alsazabal, Palacia de Sada, Petit Pitacum, Altos de Torona eta gaur eguerdian konfirmatutako Bizkaiko Lapazaran upategiek hartuko dute parte eta guztira, 19 ardo izango dira dastagai.

Edateaz gain, bapo jateko aukera ere izango da. Lopene harategiko, Basatxerriko, Marduko eta Maisorreko produktuez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Txorizoa eta hirugiharra parrilan, urdaiazpikoa edota solomoa jateko aukera egongo da besteak beste.

Urtero legez, musika ere ez da faltako Laiak-ek antolatutako hitzorduan eta Ustekabe txarangako kideak arduratuko dira giroa alaitzeaz. Etxabek azaldu du dastaketan izango diren ardo guztiak dendan dituela eskuragai.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide